08Abendua2021

006.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Herri galdeketa azaroaren 19tik 28ra izango da

Herri galdeketa azaroaren 19tik 28ra izango da

211109HerriGaldeketa

Gaur, eguerdian, Amasa-Villabonako Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde bereziko ordezkari politikoak, Gurea antzokiko erakusketa gelan, hilabete honetan garatuko den parte hartze prozesuari eta herri galdeketari buruzko xehetasunak publikoki azaldu dituzte.

Antolatu den prozesu parte-hartzaile hau, mugarri garrantzitsua izango da Amasa-Villabonako herritarrak ahalduntzeko eta udal politiketan herritarren hitza eta erabakia kontuan izateko. Guztion artean demokrazia eredu zuzen eta parte hartzaileago bat eraikitzeko pausu esanguratsua izatea nahiko luke Udalak. Aurrerantzean, Udal honen gobernantza ereduan, hartu beharreko erabaki garrantzitsuak herritarren zuzeneko erabakiaren esku utziko direla, eta prozesu parte-hartzaile honek norabide horretan aurrerapauso sendoa izateko bokazioa du.

Urriaren 13ko agerraldian azaldu zen bezala, apirilean abiatu zen herritarren parte hartze prozesuaren lehen fasea amaituta, guztira, herritarrek edo herriko taldeek proposatutako 11 proiektu parte hartuko dute herri galdeketan.

Proiektuen erakusketa: Azaroaren 19tik 21era, Gurea antzokiko erakusketa gelan
Dagoeneko 11 proiektuen ezaugarri nagusiak biltzen dituen aldizkari informatiboa argitaratu eta zabaldu du Udalak, baina horrez gain, proiektuen inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute herritarrek, erakusketa baten bidez.

Erakusketa horretan, proiektu bakoitzak bere espazioa izango du eta proiektu horietako bakoitzaren proposatzaileak izan diren herritarrek edo taldeetako kideek, beren egitasmoari buruzko azalpenak eman ahal izango dizkiete, gerturatzen diren herritarrei.

Herri Galdeketaren ezaugarri nagusiak

Herritarren Parte Hartze Batzordean adostu, eta ondoren azaroaren 2an egindako ez-ohiko osoko bilkuran, Udalbatzak aho batez onartutako Herri Galdeketaren ezaugarri nagusiak honakoak dira: 

Aipatzekoa da, Udalbatzak onartutako Herri Galdeketaren Araudiaren dokumentu osoa, ikusgai jarri dago udal webgunean, eta GAOan ere publikatuko da, interesa duen edonork kontsultatu ahal izateko.

Zer da bozkatuko dena?
Galdera honakoa izango da: 11 proiektu hauetatik, 2022. urtean Udalak zein gauzatzea gustatuko litzaizuke?

Aukerak:
• Gehien gustatzen zaizun proiektuari: 3 puntu
• Bigarrenari: 2 puntu
• Hirugarrenari: puntu 1

Herritarrek gutxienez proiektu bati 3 puntu eman beharko dizkiote, alegia, gutxienez, gehien gustatzen zaiena aukeratu beharko dute. Bigarrena eta hirugarrena markatzea hautazkoa izango da.

Bozkatzeko bete beharreko baldintzak eta bozkatzeko moduak
16 urte beteta dituzten eta Amasa-Villabonan erroldatuta dauden herritar guztiek izango dute bozkatzeko eskubidea.

Nola bozkatu ahal izango da?
Herritarrek beren bozka eman ahal izateko bi aukera izango dituzte:

1.- Bozketa telematikoa:
Azaroaren 19tik 26ra www.villabona.eus web orriaren bidez. Webgunearen portadan bozketa-gunea ezarriko da. Bertan sartu eta bozkatu ahal izateko NAN zenbakia eta telefono zenbakia jarri beharko dira.

2.- Bozketa presentziala:
Azaroaren 27an larunbata, 10:00etatik 20:00etara eta azaroaren 28an igandea, 10:00etatik 15:00etara Gurea zineko sarreran.

Bertan bozketa-mahai bat ezarriko da hautestontzi batekin. Beste mahai batean bozka-paperak eta boligrafoak egongo dira eta sekretuki bozkatzeko eremu bat ere ezarriko da.

Bozken kontaketa azaroaren 28an 15:00etan hasiko da Gurea zinean bertan eta ekitaldi publikoa izango da, interesa duen edonork zuzenean ikusi ahal izango duelarik.

Galdeketaren emaitzak izango dituen ondorioak:

  • Puntu gehien jasotzen dituen proiektua, galdeketaren irabazle gisa izendatuko da, eta Udalak proiektu hori 2022. urtean gauzatzeko konpromisoa hatuko du.

  • Puntu gehien jasotzen dituen 2. proiektuari dagokionez, aurrekontua irabazlea izan den proiektuaren aurrekontuari gehituko zaio. Baturaren emaitza 400.000 euro baino txikiagoa bada, Udalak proiektu hori gauzatzeko konpromisoa hatuko du. Emaitzak 400.000 euroko zifra gainditzen badu, Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde berezian erabakiko da Udalak proiektua gauzatzeko konpromisoa hartuko duen edo ez.

  • Puntu gehien jaso dituen 3. proiektuari dagokionez, aurrekontua, proiektu irabazlearen eta bigarren geratu denaren aurrekontuen baturari gehituko zaio. Hiru aurrekontuen gehikuntzaren emaitza 400.000 euro baino txikiagoa bada, Udalak hiru proiektuak gauzatzeko konpromisoa hatuko du.

 

Informazio gehiago datozen egunotan
Datozen egunetan, Udalak herri galdeketari buruzko azalpen guztiak jasoko dituen eskuorri informatibo bat argitaratu eta etxe guztietara banatuko du. Bestalde, herritarrek noiz eta nola bozkatu dezaketen azalduko duen bideo bat ere kaleratuko dugu.

Herritarrei prozesuan parte hartzeko deia
Amaitzeko, Herritarren Parte Hartze Batzordetik, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien izenean, parte hartzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei. Prozesu honek arrakasta izan dezan, oso garrantzitsua izango da parte hartze maila handia lortzea.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Herri galdeketa azaroaren 19tik 28ra izango da
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.