25Urtarrila2022

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aiztondoko Udalek euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu dute urte zahar egunean

Aiztondoko Udalek euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu dute urte zahar egunean

DSC 1070WEB

Urte luzez egin bezala, aurtengoan ere Aduna, Alkiza, Amasa-Villaboan, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek abenduaren 31n euskal presoen ekubideen defentsan eta salbuespenezko kartzela politikarekin amaitzea aldarrikatzeko manifestazio isila antolatu dute Zizurkil eta Villabona artean. Aurtengoan manifestazioa arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik eta Villabonako Erreboteko plazan amaituko da.

Gaur Zizurkilgo udaletxean egindako agerraldian, Josu Amilibia, Iñaki Irazabalbeitia, Beatriz Unzue eta Iker Urruzola, urrenez urren Adunako, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo alkateek parte hartu dute eta Asteasuko udaletik Larraitz Alkorta zinegotzia izan da bertan (osasun arrazoiengatik Pili Legarra Asteasuko alkateak ezin izan du parte hartu) eta guztiek manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Bestalde, aipatu behar da, Larraulgo udal gobernuak manifestazioarekin bat ez egitea erabaki duela.

Hakoa da Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo Udaletan onartu den eta gaur udal ordezkariek plazaratu duten irakurketa:

GIZA ESKUBIDEAK, ELKARBIZITZA, BAKEA
EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEAK ERRESPETATU SALBUESPEN LEGEDIA INDARGABETU!

Gabon jaietako egun bereziak iritsi zaizkigu Aiztondo bailarara. Osasun egoerak baimentzen duen neurrian, senide eta lagunekin egoteko, Olentzerori ongi etorria egiteko, aspaldi ikusi gabekoak berriz ere ikusteko, elkar besarkatzeko, herriko giroaz gozatzeko, otordu goxoak egiteko... egunak izan ohi dira. Era berean, herritik urrun daudenak eta gure artean izaterik ez dutenak gogoan izateko, eta beren familiei elkartasuna adierazteko egunak ere badira.

Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udal ordezkariok, euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko kartzela-politika gaitzesten dugu eta espainiar eta frantziar Estatuei presoen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzatela exijitzen diegu.

Azken urtean bereziki, aurrera urrats batzuk eman dira eta positiboki baloratzen ditugu. Izan diren presoen hurbilketak, dudarik gabe, senideen zama arintzea ekarri du presoak bisitatzeko distantzia luzeak murriztean. Baina ez dezagun ahaztu oraindik 104 preso daudela Euskal Herritik kanpo, tartean Aiztondoko preso guztiak, eta ondorioz haien eta haien familien eskubideak urratzen jarraitzen dutela.

Ez dezagun ahaztu, ezta ere, euskal presoen % 94k bigarren graduan jarraitzen duela, eta 10 baino ez direla hirugarren graduan daudenak, egoera horretan 70 preso egon beharko liratekeenean, gainera horietatik 52k eskubidea dute jada baldintzapeko askatasunean egoteko. Preso horien % 90ek espetxe-baimenak izateko aukera izan beharko luke, horretarako zigorraren dagokien zatia beteta dutelako, baina ez zaie eskubide horiek aplikatzen.

Guzti horri, justiziaren jarrera atzerakoia batzen zaio. Espetxeetako Juntatik gradu-progresioren bat edo espetxe-baimenen bat lortzen denean, Auzitegi Nazionalak errekurritu, blokeatu eta geldiarazi egiten ditu erabaki horiek.

Honenbestez, Aiztondo bailarako udal ordezkariok, datorren abenduaren 31n arratsaldeko 19:00etan, Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik irten eta Villabonako Errebote plazan amaituko den manifestazio isila deitzea erabaki dugu.

Honakoak dira manifestazio honen bidez, kaleratu nahi ditugun oinarrizko eskaerak:

1.- Euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko kartzela neurriekin amaitzea eta legedia arrunta aplikatzea:

Beharrezkoa da presoei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dieten neurriekin behin betirako amaitzea eta euskal presoei preso guztiek dituzten eskubide berberak aitortzea: Gradu progresioak, espetxe baimenak, baldintzapeko askatasunak etab.

2.- Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea.

Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxetik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxe batean artatuak izateko eskubide osoa dute, hau espainiar legedian bertan jasota dago. Beraz, eskubide hau errespetatzea eta larri gaixo dauden presoen berehalako kaleratzea exijitzen dugu.

3.- 70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea.

 

MANIFESTAZIOAREN KARTELA

 

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aiztondoko Udalek euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa antolatu dute urte zahar egunean
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.