25Urtarrila2022

007.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udal gobernuak kezka adierazi du RENFEko aldirietako tren zerbitzuan gertatzen ari denagatik

Udal gobernuak kezka adierazi du RENFEko aldirietako tren zerbitzuan gertatzen ari denagatik

maxresdefault

Amasa-Villabonako udal gobernuak bere kezka eta ezinegona plazaratu du, azken aldian Irun-Brinkola RENFEko aldirietako zerbitzuan gero eta ohikoagoak diren atzerapen eta etenaldiengatik eta tren zerbitzu publiko honek bizi duen egoeragatik. 

Herriko hainbat erabiltzailerekin harremanetan jarri ondoren, egiaztatu dugu batez ere azken hilabeteotan trenen ordutegiak ez direla betetzen ari eta atzerapenak gero eta gehiago ematen direla. Atzerapen horiek, askotan hamar minutukoak izaten dira, baina kasu batzuetan hamabost edo hogei minutukoak ere izaten dira. Gainera, egiaztatu ahal izan dugunez, zenbaitetan zerbitzuak bertan behera gelditzen ari dira.

Guzti hau gutxi balitz, RENFE egoera honetan egiten ari den kudeaketa kaskarra salatu behar dugu. Erabiltzaileei ez zaie informazioa ematen, sarritan pantailak eta teleadierazleek ez dute funtzionatzen, megafoniak ere ez ditu argibideak ematen...

Ez dago esan beharrik, guzti honek zerbitzuaren kalitatea nabarmenki jasitea dakarrela, gure herritarrei eta batez ere garraio zerbitzu publiko honen eguneroko erabiltzaileei kalte eta traba nabarmenak sortuz. Penagarria da duela gutxi arte kalitatezko zerbitzu fidagarri eta puntuala izan dena, orain egoera honetan egotea, ziurgabetasuna nagusi delarik.

Egoera honen aurrean, Amasa-Villabonako Udalak zerbitzuaren kalitatea berreskuratzeko berehalako neurriak hartzea eskatzen dio RENFEri eta garraio publiko honen ardura duen Gobernu Delegaritzari. Obrak direla eta zerbitzuan murrizketak eta aldaketak egotea saihestezina bada, gutzienez garaiz eta modu argian informatu behar zaie erabiltzaileei, hauei ahalik eta kalte txikiena eragiteko.

Udal ordezkariak kaltetutako erabiltzaileekin bildu dira  

Pasa den abenduaren 21ean Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea, RENFEko aldirietan gertatzen ari denari erantzuteko Gipuzkoan sortu den "Plataforma de usuarios perjudicados por el tercer hilo" elkarteko ordezkariekin bildu ziren Villabonako udaletxean. Elkarteko kideek egoeraren berri eman zieten udal ordezkariei eta azken urteetan batez ere Donostia eta Irun arteko aldirietako tren zerbitzuetan gertatu diren etengabeko atzerapen eta suspentsioek eragindako kalteak azaldu zituzten.

Donostia inguruan garatzen ari den "hirugarren haria" izeneko proiektuaren ondorioz, azken 4 urteetan etengabeko obrak egin dira Errenteria eta Irun artean eta dirudienez, obra horiek jarraipena izango dute Hernani eta Donostia arteko trenbide zatian. Honek zalantzarik gabe aldaketa berriak (zerbitzuaren murrizketak, atzerapenak...) eragingo ditu aldirietako zerbitzuetan eta hori oso kezkagarria da Amasa-Villabonako udal gobernuarentzat. Badirudi egoera hobetu beharrean, okerrera joan daitekeela, zerbitzuaren kalitatea eta maiztasuna nabarmen kaltetuko delarik.

Guzti honen ondorioz, RENFE, ADIF eta Gobernu Delegaritzari, Irun-Brinkola aldirietako zerbitzuak ditugun herrietako udalei eta erabiltzaileei informazio argi eta gardena helaraztea eskatzen diegu. Udalek eta herritarrek ezertxo ere jakin gabe tren zerbitzuan murrizketa berriak egiten hastea onartezina litzateke.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udal gobernuak kezka adierazi du RENFEko aldirietako tren zerbitzuan gertatzen ari denagatik
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.