Argi berdea Kale Nagusia 62-68 eraikinak botatzeari
- Post 2022 Maiatza 26

Oraingoz, behin behinean eremua espazio publiko gisa geratuko da
Eraikinak bota ondoren Villabonako erdigunean kokatzen den eremu hori nola geratuko den adosteko asmoz, udal gobernua eta enpresa bildu ziren eta akordio bat lortu zuten. Horrela, Hirigintza Plan Orokorraren (HAPOaren) onarpen ofizialak eraikin berri bat eraitzeko aukera zabaltzen duen artean, orube hori espazio publikoa izango da, alegia, oinezkoak bertatik pasa ahal izango duten eremu ireki bat, inolako hesi edo trabarik gabe. Hau ofizialki formalizatzeko, Udalak eta orubearen jabetza duen Construcciones Aburuza SL-k hitzarmen bat sinatuko dute.
Udal gobernua oso pozik agertu da, urte askoan (gehiegitan) luzatu den afera honi irtenbidea eman zaiolako azkenean. Izan ere, eremu hori, batipat Aldude 3 eraikinera sartzeko pasabide kalea, egoera kaskarrean dago (hesi metalikoekin, pasabide estu eta arriskutsuekin etab) eta ez dago zalantzarik eraikin horiek ahalik eta azkarren botatzeko premia handia zegoela. Ondorioz, udal gobernuak gaiari lehentasuna eman eta esku hartzea erabaki zuen. Udalak ahalegin berezia egin du Construcciones Aburuza SL enpresaren eta bertan geratzen ziren jabekideen artean akordioak lortu zitezen, akordio horiek lortzea ezinbesteko baldintza izan baita eraikinak bota ahal izateko.
Azke hilabeteetan oztopo guztiak gainditu ahal izan dira, eta epe motzean hasiko dira horrenbeste esperotako botatze lanak.