05Urria2022

011.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Asteazkenean hasiko da kontsumo bonoen kanpaina berria

Asteazkenean hasiko da kontsumo bonoen kanpaina berria

IMG 6771WEB

Amasa-Villabonako Udalak lanean jarraitzen du, elkarlanaren bidez herriko merkataritza sustatzeko. Horregatik, Oria Merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonoen IV. kanpaina jarriko du abian asteazkenean honetan, hilaren 14an. Kanpaina berri hau abenduaren 3ra arte luzatuko da.

Kontsumo bonoen bidez, gure herriko denda eta saltokietan egiten diren erosketak sustatu nahi ditugu, sektorea biziberritzen lagunduz, eta bide batez, herriko kaleak bizirik mantenduz. Izan ere, argi dugu herriko merkataritza sektore osasuntsua izatea ezinbestekoa dela Amasa-Villabonako kaleen bizitasunerako.

Udalak 54.000 euroko inbertsioa egin du kanpaina berri honetarako, eta guztira 10 euroko 16.200 bono jarriko dira zirkulazioan, aurrez izena eman duten 45 saltokietan eskuratu eta erabiltzeko.

Bonoak saltokietan bertan egongo dira eskuragarri eta establezimendu bakoitzak bere bono propioak izango ditu, dendaren izenarekin identifikatuta. Beraz, bonoak erositako establezimenduan bertan soilik erabili ahal izango dira.

Bonoak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez 9 eskuratu daitezke denda bakoitzean. Beraz, erosle bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake denda bakoitzeko.

Horrela, bezeroak 20 eurorekin 3 bono lortuko ditu (30 euro). 40 eurorekin 6 bono jasoko ditu (60 euro). Eta, aldiz, 60 eurorekin 9 bono jasoko ditu (90 euro). Ondorioz, Udalak erosketa bono bakoitza %33an finantzatuko du.

Aipagarria da 16 urtetik gorako pertsona guztiek erosi ditzaketela bonoak, bere bizilekua edozein dela ere. Alegia, edonor gerturatu ahal izango da Amasa-Villabonara gure dendetan bonoak erosi eta erabiltzera.

Udaletik kontsumo bonoak erabiltzera animatu nahi zaituztegu, horrela gure merkataritza sektoreari bultzada bat emango baitiogu. Era berean, kontuan har dezagun kanpaina hau amaitzean ere, herrian bertan erosteak duen garrantzia. Amasa-Villabonan denetik daukagu! Herria bizirik mantentzea guztion esku dago!

Udaletik eskerrak eman nahi dizkie Oria Merkatarien elkarteari, izena eman duten establezimendu guztiei eta kanpaina hau martxan jartzen lagundu duten guztiei.

Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, datozen egunotan herriko etxe guztietara banatuko dugu xehetasun guzti hauek azaltzen dituen eskuorria: Ikusi IV. bono kanpainaren eskuorria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Asteazkenean hasiko da kontsumo bonoen kanpaina berria
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.