Udalak herriko merkataritza indarberritzeko plan berezia aurkeztu du
- Post 2022 Azaroa 09

Gaur eguerdian, herriko merkataritza indarberritzeko plan berezia aurkeztu dute Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak eta Ikertaldeko Gorka Goikoetxeak, Udaletxeko batzar aretoan. Plan berezi honekin, herritarren eta merkatarien ohitura eta beharrak ezagutu ditugu, eta sektoreko joerak kontutan hartuta, gaur egungo egoera suspertzeko helburua duen ekintza plan bat du Udalak eskuartean.
Gorka Goikoetxea, Ikertaldeko aholkulariak planaren berri eman du; planak bi zati nagusi ditu, batetik herriko merkataritzaren egungo Diagnostikoa, eta bestetik sektorea suspertzeko Ekintza Plana. Diagnostikoa osatzerakoan ezinbestekoa izan da herritarren eta merkatarien parte-hartze zuzena, hainbat inkesta eta galdetegi egin direlarik. Ekintza planari dagokionean, bost ardatz nagusi jasotzen dira: Hirigintza eta merkataritza espazioa, Lehiakortasuna, Merkataritza elkartegintza, Komunikazioa eta Dinamizazioa, eta Gobernantza. Ardatz hauetako bakoitzak hainbat ekintza lerro jasotzen ditu, eta lerro hauen baitan, guztira, 41 ekintza zehatz proposatzen dira.
Deskargatu Planaren laburpen dokumentua
Udalaren konpromisoa
Planaren aurkezpenaren ondoren Beatriz Unzue alkateak hartu du hitza udal gobernuaren izenean:
“Amasa-Villabonako merkataritzaren egoera zein den erakusten digun diagnostiko zehatz honekin eta mahai gainean ditugun ekintza posible ezberdinekin, aurrera urrats bat eman dugu Udaletik garatu beharreko merkataritza sustatzeko politikak definitu ahal izateko.
Tresna hau esku artean izanik, datozen aste eta hilabeteetan hausnarketa partekatu bat gauzatu nahi dugu Oria Merkatarien Elkartearekin, eta parte hartu nahiko luketen merkatari guztiekin batera. Guztion artean definitu eta adostu nahi ditugu etorkizunean Udalak hartuko dituen neurri zehatzak.
Behin eta berriz errepikatu dugun bezala, merkataritzak gure kaleei eskaintzen dien bizitasuna ezinbestekoa zaigu eta sektore honek duen pisu ekonomiko eta soziala izugarria da.
Zentzu horretan, 2023. urteko udal aurrekontuan herriko merkataritzaren sustapenerako gutxienez 85.000 eurora iritsiko diren diru-partidak sortzeko konpromisoa hartzen dugu publikoki. Izan ere, hitzetatik harago, ezinbestekoa da Udalak inbertsio ekonomiko sendoak egitea herriko denda eta saltokiei aktiboki laguntzeko.
Uste dugu legealdian zehar frogatu dugula gure merkataritza defendatu eta laguntzea lehentasunezko zeregina izan dela guretzat eta aurrerantzean ere horrelaxe izango dela hitz eman dezaket”.