Amasa-Villabonan amaituko da 2023ko Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa
- Post 2022 Abendua 12

Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketaren antolatzaile taldeak gaur jakinarazi du Itzuliaren 62. edizioko etapetako irteera eta helmugak zein herritan izango diren.
Itzuliaren 2023ko edizioa apirilaren 3tik 8ra izango da. Txirrindulariak Gasteizetik irten eta Eibarren bukatuko dute 6 egun beranduago. Horrela, 2023ko apirilaren 5eko etapa, alegia, lasterketaren hirugarren etapa, Errenteriatik abiatuko da eta Amasa-Villabonan izango du amaiera.
2023ko Itzulia Basque Country lasterketako etapak eta egunak:
• Etapa: 2023/04/03 > Vitoria-Gasteiz // Labastida
• Etapa: 2023/04/04 > Viana // Leitza
• Etapa: 2023/04/05 > Errenteria // Amasa-Villabona
• Etapa: 2023/04/06 > Santurtzi // Santurtzi
• Etapa: 2023/04/07 > Amorebieta // Amorebieta
• Etapa: 2023/04/08 > Eibar // Eibar
Jakina denez, Euskal Herriko Itzulia maila goreneko txirrindulari proba entzutetsua da eta mundu osoko talde eta txirrindularirik onenek parte hartzen dute. Zalantzarik gabe, zaletu asko hurbilduko dira lasterketaz gozatzera. Txirrindularitzaren jai handia herrian bertan gozatzeko aukera izango da.
Amasa-Villabonako udalak ahalegin berezia egin nahi izan du 2023an lasterketa hau herrira ekartzeko. Izan ere, dagoeneko 20 urtetik gora igaro dira txirrindularitza profesionalak gure herrian helmuga bat izan zuenetik eta kirol honek herritarren artean duen zaletasuna kontuan hartuta, udalak une aproposa dela iritzi dio. Udal Gobernuak bere poza adierazi du azkenean datorren Itzuliako helmugetako bat Amasa-Villabonan izatea lortu izanagatik.
Udalak, Itzulia Basque Country-ko antolatzaileekin elkarlanean ibilbide gorabeheratsu eta ikusgarria osatu nahi izan du, txirrindularitza zaleen gozamenerako.
Horretarako, 2023ko udal aurrekontuan guztira 50.000 euroko diru-funtsa sortzea onartu zen azken udalbatzan. Kopuru hau murrizteko, udalak kanpo finantzaketa lortzeko prozesua abiatuko du, inguruko enpresen babesletza lortzeko helburuarekin.
Datozen asteetan informazio gehiago argitaratuko da: Ibilbide zehatza, ordutegiak etab.