Herriko industrian jardun duten emakume langileak omenduko ditu Udalak martxoaren 8an
- Post 2023 Martxoa 03

Emakumeen Nazioarteko Eguna da martxoaren 8a, emakumeen eskubideen aldeko aldarrikapena egiteko eguna.
Historian zehar emakumea rol tradizionalarekin lotu izan da beti: etxean, etxeko lanetan, sukaldean, garbiketan, josten, haurren zaintzan … Baina, emakumeek, funtsezko ekarpena egin dute ekonomiaren garapenean. Horregatik, aurtengo martxoaren 8an, herriko industrian lan egin duten emakume langileak ikusarazi, goraipatu eta Amasa-Villabonari egindako ekarpena aitortu nahi die Udalak, ekitaldi xume baten bidez.
Aitortza ekitaldia asteazkenean, martxoaren 8an bertan, izango da, La Salvadora jubilatu etxearen parean, eguerdiko 12:30ean, eta Villabonako La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat jarriko da eraikinaren fatxadan. Emakume langile horiengatik izan ez balitz, Amasa-Villabona ez litzateke gaur egungoa izango.
Zine emanaldia, martxoaren 7an
Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Amasa-Villabonako Udaleko Berdintasun sailak doako zine emanaldia antolatu du martxoaren 7rako. Simone, la mujer del siglo filma ikusteko aukera egongo da Gurea antzokian, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera doan da.
Aiztondoko Mugimendu Feministaren aldarriarekin bat
Udalak bat egiten du Aiztondoko Mugimendu Feministaren aldarriarekin, eta martxoaren 8rako deitu duen manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak. Mobilizazio Villabonako Erreboteko plazatik abiatuko da 19:00etan, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatuko da.