22Maiatza2024

008.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 2024ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak

2024ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak

20231011 OrdenantzaFiskalak

Atzo eguerdian egindako ez ohiko osoko bilkuran 2024 urterako Ordenantza Fiskalak onartu zituen Amasa-Villabonako Udalbatzak EH Bilduk gidatutako udal gobernuaren babesarekin eta EAJ-PNV eta PSE taldeen abstentzioekin. Ordenantza honen bidez, datorren urtean udalak jasoko dituen zergak eta tasen balioak zehazten dira.

%1,9ko igoera orokorra udal zerga eta tasetan
2024rako ordenantza fiskalen daturik esanguratsuena udal tasen eta zergen %1,9ko igoera orokorra da, hau da, 2023ko urtarrila eta abuztua bitarteko KPIaren batez bestekoa baino %0,8 baxuagoa.

Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga soilik %0,1ean igoko du Udalak
Gipuzkoako Foru Aldundiak zerga honen kopuruak kalkulatzeko erabiltzen dituen etxebizitzen balio katastralak %2,5ean eguneratzeko (igotzeko) asmoa duela kontuan izan du Udalak. Neurri honen ondorioz, bataz beste, zerga honen %1,8ko igoera jasango dute herritarrek eta horregatik Udalak 2024. urterako Ordenantza Fiskaletan zerga hau ia bere horretan uztea erabaki du.

Olaederra Kiroldegiko prezioak izoztua mantenduko dira
Kirol instalazioetarako sarbidea erraztu nahi die Udalak Amasa-Villabonako herritarrei. Beraz, horretarako, Olaederra Kiroldegiko tasak (hileko bazkide kuotak, sarrerak, jardueren matrikulak...) aldaketarik gabe mantenduko dira 2024 urtean.

Hondakinen kudeaketarako tasa: %5eko igoera etxeetan, eta izoztuta merkataritza eta ostalaritzan
Hondakin bilketaren tasari dagokionean %5eko igoera aplikatuko zaie etxebizitzei, industria enpresei eta bankuei. Hala ere, hondakinak kudeatzeko Amasa-Villabonako herritarrek ordaintzen duten udal tasak Tolosaldeko baxuenetarikoa izaten jarraituko du. Izan ere, Amasa-Villabonako etxebizitza bakoitzak 26,25 euro ordaindu beharko ditu hiruhilero. Adibidez, Tolosan, Asteasun edo Ibarran 35 eurotik gora ordaintzen dute.
Gure herriarentzat oso garrantzitsuak diren sektoreak izanik, Udalak merkataritza eta ostalaritza establezimenduei ez die igoerarik aplikatuko hondakinen bilketaren tasan, tasa hau izoztuta mantenduko da.

Hiri Ondasun Higiezinen gaineko Zerga: Etxebizitza hutsen errekargua %100era igoko da.
Neurri honekin udalerrian hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea sustatu nahi du Udalak. Amasa-Villabonan arazo larria dugu etxebizitzaren merkatuarekin, etxebizitza duina izatea eskubidea den arren, herritar askok (batez ere gazteek) sekulako zailtasunak dituzte etxebizitza eskaintza faltagatik, alokairurik ez delako aurkitzen, dauden aukera apurretan prezioak izugarri garestiak direlako, etab. Beraz, egoera honetan onartezina da gure herrian 330 etxebizitzatik gora hutsik egotea. Zerga igoera honekin, Udalak etxebizitza horien jabeak bultzatu nahi ditu etxebizitza horiek merkatura ateratzea (gehien bat alokairu merkatura).

Gainbalioa edo hirilurren balio gehikuntzaren zergaren karga tasa
%10etik %15era igoko da 2024an. Karga tasa hau %30ekoa izan daiteke gehienez.

Hobariak bere horretan mantenduko dira, aldaketa txiki batzuekin

2024ko hobariak

Amasa-Villabonako Udalak indarrean zituen zerga eta tasen hobari guztiak mantendu egin ditu, hiru aldaketa puntual baino ez dira ezarriko dira 2024. urtean:

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga: 2024 urtean auto hibridoentzako hobaria %50ekoa izango da, lehen %75ekoa zenean. Bestalde, 30 urtetik gora dituzten auto historikoen jabeentzako hobariak %100etik %50era jaistea erabaki du Udalak. Horrela, hobari hau inguruko herrietako berbera izango da.

Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga: %50eko hobari berria ezarriko da babes publikoko etxebizitzetako obretarako. Hobari honen helburua herrian etxebizitza eskuragarrien garapena eta sarbidea sustatzea izango da.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 2024ko Ordenantza Fiskalak onartu ditu Udalbatzak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.