25Otsaila2024

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak "Berdintasunean ados!" mahai irekia sortu da, Udalaren berdintasun politikak gidatzeko

"Berdintasunean ados!" mahai irekia sortu da, Udalaren berdintasun politikak gidatzeko

20240130 BerdintasuneanAdos

Amasa-Villabonako Udalak aurrerantzean garatuko duen Berdintasun Politika modu parte hartzailean erabaki eta martxan jarri nahi du, eta helburu horrekin, "Berdintasunean Ados!" lan-mahai ireki berria aurkeztu du gaur goizean.

Mahai honek Udalean ibilbide bat egin duten beste "Ados!" mahaiek duten izaera publiko, ireki eta parte-hartzailea izango du, eta interesa duen edonor partaide edo partehartzaile izan daiteke.

Mahaia hilero bilduko da, hileko lehen asteazkenetan, 18:30etan, Udaletxeko Batzar Aretoan, eta astebete lehenago Udalak bilera deialdiak eta gai zerrendak argitaratuko ditu www.villabona.eus webgunean eta sare sozialetako kanal ofizialetan.
Udal Gobernuak erabakitze ahalmen osoa aitortzen dio mahai honi. Ondorioz, Udalak garatuko duen Politika Feminista edota LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldekoa, mahai honetan eztabaidatu eta definituko dira, ondoren, Udalak bere baliabideen bitartez aurrera eraman ditzan.

Besteak beste, honako gaiak jorratuko dira mahai honetan: genero berdintasuna, indarkeria matxista, LGTBI fobia, LGTBI+ Komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko Udalak garatu zuen plana abiapuntu hartu eta bertako neurriak martxan jartzea, emakumeon ahalduntzea, gizartearen sentsibilizazioa, zaintza sistema komunitario-feminista, hezkidetza feminista eta abar luze bat.

Dagoeneko herriko Mugimendu Feminista antolatuak (Lurgatz eta Akain Talde Feministek), eta Udaleko kale-hezitzaileek konfirmatu dute euren parte-hartzea. Udal gobernuaren aldetik Beatriz Unzue alkateak eta Irune Alfonso zinegotziak parte hartuko dute. Alazne Ayerbe teknikaria izango da mahaiaren dinamizazioa eta gidaritza eramango duena.

Honekin batera helbide elektroniko berri bat sortu da, "Berdintasunean Ados!" mahaiarekin harremanetan jartzeko edo berdintasunari zein aniztasunari lotutako gaien inguruan Udalari kontsulta edota ekarpenak egiteko; E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Mahai honek 53.000 €tik gorako aurrekontua izango du bere ibilbidea garatu ahal izateko, eta hainbat partida ekonomiko zuzenean kudeatuko ditu; Politika Feminista, 30.000 €; Genero Indarkeriaren aurkako ekintzak, 5.000 €; eta herriko zaintza sistemaren azterketa, 18.150 €.

Lehenengo bilera: otsailaren 7an, 18:30etan, Udaletxeko Batzar Aretoan

Bukatzeko, parte hartzeko gonbidapena egin nahi diegu berdintasunaren alde ekarpen bat egin nahi luketen herritar guztiei. Ateak zabalik egongo dira denentzat.
Ziur gaude herritarren parte hartzearen bidez, eta denon bultzadarekin, Amasa-Villabona berdinzale, parekide eta feminista eraikiko dugula.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak "Berdintasunean ados!" mahai irekia sortu da, Udalaren berdintasun politikak gidatzeko
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.