Kategoria: Albisteak

- 2021 Apirila 16
EH Bildu eta EAJko udal ordezkariek bat egin dute espetxe politikari buruzko Euskaldunako Adierazpenarekin
Amasa-Villabonako udal ordezkari abertzale guztiek (EH Bildu eta EAJ-PNV alderdietakoek) bat egin dute pasa den abenduan euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteak eta Euskal Herriko hainbat alderdi eta sindikatuek Bilboko Euskalduna jauregian adostu zuten adierazpenarekin. PSEko zinegotzi bakarrak, adierazpena ez sinatzea erabaki du.
Adierazpen horretan, besteak beste, espainiar estatuak garatzen duen espetxe politika aldatzearen beharra eta iraganeko logikak gainditu beharra aldarrikatzen da. Adierazpen garrantzitsu hau EAJ-PNVk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, ELAk, LABek, UGTk, CCOOk, Steilas-ek, EHNEk, ESK-k, Hiru-k, Etxalde-k, CGTk eta CNTk sinatu zuten eta euskal presoen aferan aspaldian ikusi gabeko adostasun zabala lortu zela esan daiteke.
Hemen irakur daiteke Amasa-Villabonako udal ordezkariek izenpetu duten Euskaldunako Adierazpena: Adierazpena Sinatuta (Villabona)
Kategoria: Albisteak

- 2021 Apirila 15
Tolosaldea Garatzenek hainbat jarduera eskainiko ditu datorren astean zehar
Gure eskualdeko garapen agentziak hainbat ekitaldi eta jarduera burutuko ditu Tolosako kultur etxean, Lehiberri zentroan eta online. Izen ematea zabalik dago eta albiste honetan dauden loturetan sartuta eman daiteke izena.
Tolosaldea Garatzenek arlo ezberdinekin loturiko jarduerak eskainiko ditu apirilaren 19tik 23rako astean. Turismo, aniztasun, ekintzailetza eta enpresa sailekin loturiko jarduerak izango dira. Bakoitzari buruzko zertzelada batzuk dituzue jarraian eta loturetan klik eginda informazio zabalagoa eta izena emateko aukera aurkituko duzue.
Kategoria: Nabarmenak

- 2021 Apirila 12
Amasa-Villabona eremu gorrian sartu denez, neurri berriak ezarriko dira bihartik aurrera
COVID-19ren intzidentzia tasa nabarmen areagotu da azken asteotan Amasa-Villabonan, eta, gaur inzidentzia tasa metatua ehun milatik 473,21era heldu denez, gure udalerria eremu gorrian sartu da. Azken asteburuan 13 kasu positibo izan ditugu (ostiralean 4, larunbatean beste 4 eta igandean 5). Jakina denez, pasa den martxoaren 26an argitaratutako Dekretuaren bidez, ehun milatik 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietarako neurri zorrotzagoak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak.
Hauek dira bihartik aurrera indarrean egongo diren neurri nagusiak:
- UDALERRIAREN ITXIERA PERIMETRALA
Itxiera perimetrala ezarriko da gure udalerrian, eta beraz, ezingo da Amasa-Villabonatik atera edota sartu. Soilik Eusko Jaurlaritzaren Dekretuan jasotako salbuespenen egoera bategatik (adingabe eta adinekoen zaintzarako, lanera joateko, ohiko bizilekura itzultzeko…) atera edo sartu ahal izango da udalerriko mugetatik.
Beraz, Amasa-Villabonako herritarrek mugakideak diren herrietara soilik joan ahal izango dute: Andoain, Aduna, Zizurkil, Anoeta eta Irura. herri hauetara joan ahal izango da baina soilik erosketak egiteko edota aire libreko kirola egiteko garaian.
- PERTSONEN BILKURAK:
Gehienez ere 4 pertsona elkartu ahal izango dira espazio publikoan eta espazio pribatuan (etxeetan) soilik bizikideak diren pertsonak elkartu daitezke.
- OSTALARITZARI EZARRITAKO NEURRIAK
Ostalaritza establezimenduetan ia egun osoan terrazan egon beharko da, eta barruan soilik 6:00etatik 9:30era eta 13:00etatik 16:30era kontsumitu ahal izango da. Terrazak gehienez 20:00ak arte egon ahal izango dira zabalik.
- KIROL INSTALAZIOAK
Kirol instalazioetan (kiroldegia, frontoiak...) aldagelak itxi egingo dira eta eta barruan egiten den kirola (talde profesionalak eta federatuak izan ezik) 4 pertsonako taldeetan egin beharko da.