Kategoria: Nabarmenak

- 2021 Martxoa 05
Emakume merkatari eta ostalariak omenduko ditu Udalak, martxoaren 8an
Amasa-Villabonako Udalak emakumeek herriko merkataritzan eta ostalaritzan egiten duten lana baloratu nahi du, ezinbestekoak baitira gure gizarteak behar bezala funtzionatu dezan.
Amasa-Villabonako eredu ekonomikoaren adibide bikaina dira, eta Udalak ere eredu hori sustatu nahi du, ekonomiak pertsonak erdigunean jarri behar dituelako, beren gaitasunengatik baloratu behar dituelako. Gainera, herri bezala aberasteko modu bakarra da berdintasuna.
Amasa-Villabonako merkataritzan eta ostalaritzan emakumea nagusi
Aurtengo Emakumeen Nazioarteko egunean Amasa-Villabonako komertzioak eta tabernak aurrera ateratzeko emakumeek burutzen duten ahalegin guztia eskertu eta aitortu nahi du Udalak, eta, bide batez, nabarmendu nahi du emakume enpresaburu billabonatarrak direla, beste emakume batzuei aukerak ematearen aldeko apustua egiten dutela. Baita ere guztiontzako bidezkoagoa den etorkizuna eraikitzen dutela.
Beraz, astelehenean, martxoaren 8an, eguerdiko 13:30etan, Udalak eskerrak eman nahi dizkie Erreboteko plazan bertan egingo den omenaldi txiki baten bidez. Honen leloa "Amasa-Villabonako merkataritzan eta ostalaritzan emakumea nagusi" izango da. Beatriz Unzue alkatea eta hainbat udal ordezkariez gain, Oihana Iguaran bertsolaria eta Oinkari Dantza Elkarteko bi dantzari ere izango dira.
Udaletik herritarrei omenaldian parte hartzeko deia luzatu nahi die herriko emakume hauek merezi duten omenaldia izan dezaten.
Kategoria: Albisteak

- 2021 Martxoa 04
Atzo ekin zioten COVID-19aren aurkako txertaketari, Villabonako anbulategian
Emozioz beteriko eguna izan zen atzokoa Villabonako osasun etxean. Ia urtebete elkar ikusi gabe eman eta gero, txertoa hartzera gerturatutakoan lagun askorekin egin baitzuten topo bailarako helduenek.
Atzo hasi ziren Villabonako anbulategian 90 eta 99 urteko aiton-amonak txertatzen, eta bihar arte luzatuko da adin tarte horren lehenengo dosia. Bigarren dosia, berriz, aste gutxi barru jarriko zaie osasun etxean bertan, oraingoz ez baitute etxeetan jartzeko aukerarik.
Aipagarria da 90 eta 99 urte bitarteko 110 bat lagun daudela gure osasun eremuan (Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Irura eta Anoeta).
Bestetik, datozen egunetan txerto gehiago jaso ahala, 80 eta 89 urte artekoekin jarriko dira harremanetan hitzorduak emateko. Adin tarte horretan, 600 pertsona daude bailaran.
Kategoria: Albisteak

- 2021 Martxoa 03
Errigorak "Plateretik baratzera" kanpaina abiatu du
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Oraingoan Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura dinamikaren baitan, Plateretik baratzera ekimena jarri dute martxan. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian jasotzeko aukerarekin eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak egiteko epea: Martxoaren 4tik 24ra https://www.errigora.eus/ webgunean.