Kategoria: Albisteak

- 2021 Martxoa 02
Oria merkatarien elkarteak Stock Azoka antolatu du ostiral eta larunbatean
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo merkatariak biltzen dituen Oria Merkatarien elkarteak, Stock Azoka berezia antolatu du neguko beherapenen azken txanpa honetan. Horrela, martxoaren 5ean eta 6an (ostirala eta larunbata) Villabonako 16 saltokik mahaiak aterako dituzte denden kanpoaldera, beren produktuak kalera ateraz. Ekimen honekin, merkatarien elkarteak herriko saltokiei bultzada berri bat eman nahi die, bide batez Villabonako kaleei kolore eta bizitasun gehigarri bat emanez.
Amasa-Villabonako udalak bere babes osoa adierazi nahi dio ekimen honi eta kalera ateratzeko eta herriko dendetako produktuak ikusi eta kontsumitzeko deia egiten die herritarrei.
Kategoria: Nabarmenak

- 2021 Martxoa 02
Udalak bat egin du martxoaren 8aren bueltan Mugimendu Feministak antolatutako ekimenekin
Amasa-Villabonako udalak Aiztondoko talde feministek bailara osoan zehar antolatutako ekimenekin bat egitea eta herritarrei parte hartzeko deia egitea erabaki du.
Benetako genero berdintasuna lortzeko erronka, jendarte gisa dugun erronka nagusietako bat da eta Amasa-Villabonako udal gobernuaren iritziz, erakunde publikoen eta mugimendu feminista antolatuaren arteko lankidetza ezinbestekoa da berdintasunean aurrera egiteko. Udalak politika feminista aktibo eta eraginkorra garatzeko konpromiso irmoa du eta norabide horretan herri mugimendu feministarekin bat egitea eta indarrak batzea da bilatzen duena.
Zentzu horretan, udalak bat egiten du Martxoan ere saretzen, Sistama arrakalatu! lemapean Lurgatz talde feministak, Aiztondoko Mugimendu Feministak eta Aiztondoko neska* gazteak kolektiboek antolatu dituzten ekimen eta mobilizazioekin eta horietan parte hartzeko deia egiten die Amasa-Villabonako herritar guztiei. Aipagarria da Aiztondoko beste udal guztiek ere gauza bera egin dutela, erakunde publikoen eta herri mugimendu feministaren arteko elkarlanean urrats garrantzitsua eman delarik.
Deialdi azpimarragarri gisa, martxoaren 8an bertan 13:30etan Vilabonako Errebote plazan herriko emakume merkatari eta ostalariei aitortza egiteko ekitaldia eta arratsaldeko 19:30etan Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik abiatuko den manifestazioa aipa daitezke.
Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa: Aiztondoko egitarauaren kartela
Kategoria: Albisteak

- 2021 Martxoa 01
Aiztondo Klasikaren edizio berria, datorren martxoaren 14an
Iazko etenaldia eta gero, Aiztondo Klasika - Patxi Alkorta Memoriala bueltan da, eta laster ikusiko ditugu lehian profesional mailako atarian dabiltzan txirrindulariak.
Lasterketa bitan bakarrik geratu da bertan behera. Lehena elurragatik, Alkizan bukatu behar zuen ekitaldian, eta bigarrena iaz, proba korritu bezperan agintariek osasun alarma egoera indarrean jarri zutenean.
Gogoratu beharra dago, Covid-19 izurriteak bete-betean harrapatu zuela txirrindularitzako egutegi nagusia, eta 2020koa lasterketarik gabeko udaberria izan zela. Egoerak ez du gehiegi hobera egin geroztik, baina pixkanaka hasiak dira kirol ekitaldiak antolatzen eta ezusterik ezean, martxoaren 14an Aiztondon barrena lehiatuko da gazteen tropela.