Kategoria: Albisteak

- 2023 Martxoa 28
Larreako parkea estaltzeko proiektuaren esleipena abiatu du udalak
Amasa-Villabonako Udalak, Larreako parkea estaltzeko proiektua zein eraikuntza enpresak egingo duen aukeratzeko esleipen-prozedura martxan jarri zuen atzo, obraren pleguak Eusko Jaurlaritzaren kontratazio profilean argitaratuta. Horrela, enpresek obra hau gauzatzeko proposamenak aurkezteko 26 eguneko epea izango dute, apirilaren 26ra arte alegia.
Kategoria: Nabarmenak

- 2023 Martxoa 27
Udalak 196.215 euroko dirulaguntzak lortu ditu Fleming Herri Eskolako azpiegituretan inbertitzeko
Amasa-Villabonako Udalak, eskola publikoaren instalakuntzak eta azpiegiturak hobetzeko eskatutako dirulaguntza guztiak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Udalak guztira lau proiektu aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzak urtero zabaltzen duen "Udalaguntza_2022" dirulaguntza lerrora eta proiektu guztietan aurrekontuaren %60ko dirulaguntza ematea onartu da, pasa den astean argitaratu zen ebazpen ofizialaren bidez.
Diruz lagunduko diren lau proiektuak
1. Arratzaingo eraikinean galdarak aldatu eta Gasa sartzea
Duela pare bat urte, udalak Otelarre auzora Gas hodiak eramateko inbertsioa gauzatu zuen, besteak beste Arratzaingo futbol zelaian eta eskoletan Gasa erabiltzeko urratsa eman ahal izateko. Kontuan izan behar da Arratzaingo hezkuntza eraikinetan oraindik Gasoleoa erabiltzen dela erregai gisa eta aurrerantzean erregai fosil eta kutsakor hori erabiltzeari uztea da helburu nagusia. Horrela, galdarak Gas Naturalaren erabilerarako egokitu beharko dira, batzuk aldatu ere egingo dira eta galdara-gelara gasa eramateko azpiegitura osoa (gehienbat hodi edo tuberia bereziak) ezarri beharko da. Proiektu hau gauzatzen denean, aurrera urrats esanguratsua egingo da eskola publikoetan ere gauzatu behar den energia-trantsizioan.
Proiektu honek guztira 132.023,16 euroko aurrekontua da eta udalak 79.213,90 euroko dirulaguntza lortu du.
2. Arratzaingo eskoletako erdialdeko patioa estaltzea
Arratzaingo eraikinak "U" forma dauka eta iparraldera ematen duen fatxadan barrualdeko patio bat dauka haur parke batekin. Proiektu honen bidez, patio hori estaliko duen estalki berri bat ezarriko da, patioa guztiz estaliz eta euriaz babestuz. Horrela, bertako ikasleek euriaz babestutako beste jolas-eremu berri bat izango dute.
Proiektu honek 148.135,27 euroko aurrekontua du eta udalak 88.881,16 euroko dirulaguntza eskuratu du.
3. Komun egokitu berri bat egitea Arratzaingo eraikineko behe solairuan
Arratzaingo eskoletako sarrera ondoan mugikortasun urriko ikasleentzat erabilgarria izango den komun egokitu berri bat eraikiko da.
Obra honek 25.663,20 euroko aurrekontua du eta udalak 15.397,92 euroko dirulaguntza lortu du.
4. Arroako eraikinean gelak elkartzeko tabike mugikorrak ezartzea
Arroako eskolan (Haur Hezkuntza zentroan) bi gela bateratzeko aukera ematen duten eta ireki edo itxi daitezkeen tabike mugikorrak jarriz, gela horiek erabilera anitzagoak izan ahalko dituzte. Horrela, gelak bateratu eta handitzeko aukera izango da, edo erdibitu eta txikitzekoa, komeni denean tabike mugikorrak kenduz edo jarriz. Proiketu honekin espazioen aprobetxamendu handiagoa lortuko da eta haur taldeen tamainaren arabera gelak egokitzeko aukera eskainiko diote hezitzaileari.
Tabike mugikor hauen instalazioa egiteko obrak 21.204,49 euroko aurrekontua du eta udalak 12.722,69 euroko dirulaguntza eskuratu du.
Udalak eskola publikoaren azpiegiturak hobetzeko inbertsio-planarekin jarraitzeko konpromisoa
Azken urteetan egin den bezalaxe, behin dirulaguntzen ebazpena ezagututa, udal gobernu taldea Fleming Herri Eskolako zuzendaritzarekin bilduko da 2023ko inbertsio-planaren nondik norakoak adosteko; obrak egiteko egutegia, lehentasunen finkapena, datorren urterako inbertsioen aurreikuspenak...
Udal gobernuak legealdi honetan Fleming Herri Eskolaren eraikin eta instalakuntzak hobetzeko egin den lana azpimarratu du, eskolako zuzendaritzarekin izandako elkarlana oso positiboa izan dela baloratu du eta aurrerantzean ere urtez-urteko inbertsio planekin jarraitzeko konpromiso sendoa duela adierazi du.
Kategoria: Albisteak

- 2023 Martxoa 27
Zinema eta osasuna jardunaldiak antolatu ditu Udalak, adimen-desgaitasunari buruzko mitoak eta aurreiritziak desmuntatzeko
Martxoaren 21ean izan zen Down Sindromearen Munduko Eguna, eta apirilaren 4an izango da Autismoaren Kontzientziazioaren Munduko Eguna. Bi egun hauen harira Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak Zinema eta osasuna izeneko zine jardunaldiak antolatu ditu martxoaren 29 eta apirilaren 4rako. Villabonako Gurea antzokian izango dira doako bi emanaldiak, arratsaldeko 19:00etan.