Kategoria: Albisteak

- 2023 Uztaila 17
Kuadrillen eguneko bazkarirako izen-emate epea, uztailaren 20ra arte
Aurtengo Santiago jaietako kuadrillen eguna uztailaren 28an, ostiralarekin, ospatuko da, eta Etxeondoko bazkarira joan nahi duten kuadrilla guztiek aldez aurretik izena eman beharko dute.
Kategoria: Albisteak

- 2023 Uztaila 14
Jaien testuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa osatu dute Udalak eta Akain Talde Feministak
Garagardo azokan eta Santio festetan herritar guztien segurtasuna eta ongizatea bermatu nahi ditu Amasa-Villabonako Udalak, eta, horretarako, Akain Talde Feministarekin lankidetzan, indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat diseinatu eta onartu du. Tamalez, udako jaien testuinguruan emakumeen eta hetero-arautik kanpoko genero-identitatea eta/edo sexualitatea duten pertsonen aurkako eraso fisiko, sexual, psikiko... gertatzen direla kontuan izanik, Udalak eta tokiko mugimendu feministak bat egin dute eraso horiei modu sendo eta antolatuan aurre egiteko.
Kategoria: Nabarmenak

- 2023 Uztaila 13
Jai Batzordeak Santio jaietako programa aurkeztu du
Arratsalde hau gogo eta ikusminez beteriko arratsaldea izan da, Villabonako Santiago jaien egitaraua aurkeztu baita Erreboteko plazan, Santio jaien epizentroan. Ekitaldian izan dira Beatriz Unzue alkatea, Ander Goikoetxea kultura zinegotzia, Joxean Cubero Udaleko kultura saileko teknikaria eta jai batzordean eta jai egitarauaren diseinuan aktiboki parte hartu duten hainbat herritar.
Jai herrikoi eta parte-hartzaileak
Ander Goikoetxea Kultura zinegotziak hartu du hitza prentsaurrekoan, jaietako programaren aurkezpenari hasiera emanez. Bere hitzaldian, eskerrak eman dizkie programa honen diseinuan borondatez parte hartu duten gizarte eragile guztiei, eta bere funtsezko lana aitortu nahi izan du esanez "Zuen guztion lankidetzari esker, Villabonako Santioak jai herrikoi eta parte hartzaileak direla esan dezakegu harrotasunez".
Ondoren, Joxean Cubero, Kultura teknikaria Santio jaietako egitarauak dituen ekimen nagusiak azaldu ditu, besteak beste, Otsabi Fest azoka, musika emanaldiak, haur parkea, sokamuturra, eta abar.
2023ko Santio jaien programazioa
Santiotako suziri bakarra, Salbadora Jubilatuen elkartearen eskutik
Bestalde, Beatriz Unzue alkateak jaien inaugurazio ekitaldiari buruzko xehetasunak eman ditu: txupinazoa. Aurten, Santio jaiei hasiera emango dien metxa pizteko ohorea Salbadora Jubilatuen elkarteko kideek izango dute, herriko aiton-amonei omenaldi txiki bat eginez. Azpimarratzekoa da hori izango dela Santio jaiek iraungo duten zortzi egunetan botako den suziri bakarra; izan ere, jai batzordeak, zarata horiek bereziki eragindako herritarren eskaerari erantzunez, aho batez erabaki du petardoen erabilera mugatzea, jai inklusiboagoak sustatuz.
Eraso matxisten aurkako protokoloa
Alkateak, gainera, herriko mugimendu feministarekin indarkeria matxistaren aurkako protokolo bat diseinatzeko eta adosteko egindako lankidetza estua azpimarratu du. Nabarmendu du baiezkorik gabe, ezezko dela eta Santio jai hauetan ere ez dela inolako eraso matxistarik onartuko, "gure indar guztiekin egingo diogu aurre indarkeria matxistari" gehitu du Beatriz Unzuek.
Aurkezpenari amaiera emateko, “Jaietan gozatzen eta ondo pasatzea opa dizuet guztiei” esan du alkateak. "Ondo pasa, lagun artean barre egin dezagun, alaitasunez eta umore onez. Denok merezi dugu eta! Gora Santioak! "azpimarratu du alkateak.