Kategoria: Albisteak

- 2022 Ekaina 17
Hilerriaren sarrerako irisgarritasuna hobetzeko lanak
Hilerriko sarreraren irisgarritasuna hobetzeko lanak burutu dira egunotan Amasan. Sarrera nagusiaren lurra lautu da, eta harri-txintxarren ordez porlanezko baldosak jarri dira.
Kategoria: Albisteak

- 2022 Ekaina 17
Udalak bat egin du “Mapa bat baino gehiago” ekimenarekin
Amasa-Villabonako udalak bat egin du Baionako Bernat Etxepare lizeoak martxan jarri duen ‘Mapa bat baino gehiago’ ekimenarekin, eta Euskal Herriko 4 erliebedun mapa eskuratu ditu herriko eraikin publikoetan jartzeko: Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan, Zubimusu Ikastolan, Arratzaingo eskola eremuko eraikinean (Fleming herri eskola eta Erniobea BHI) eta Loatzo musika eskolan.
Kategoria: Nabarmenak

- 2022 Ekaina 16
Amaitu dira Seaska haur eskolako jolastokia eraberritzeko lanak
Lan hauek amaituta, aurrerantzean, Seaskan matrikulatzen diren haur txikiek jolasteko eremu berri eta ederra izango dute. Dagoeneko jolastokia estreinatu dute, gaur irten baitira lehen aldiz eta bero handia badago ere, oso gustora aritu dira jolasean. Seaskako hezitzaileak pozik agertu dira eraberritzearekin eta udalak ere balorazio oso positiboa egin du.
Udal gobernuak kalitatezko Haur Hezkuntza publikoaren alde lanean jarraituko duela adierazi du eta zerbitzua doakoa izan beharko lukeela aldarrikatu du. Zentzu horretan, Seaska haur eskolako matrikulazioak ordaintzeko udalaren dirulaguntza martxan dagoela gogorarazi dute udal ordezkariek.
Honako lanak egin dira jolastokia eraberritzeko:
• Lehen zegoen kautxozko lurzoru zaharkitua kendu da eta egurrezko etxola lekuz aldatu da.
• Belar artifizialaren azalera berri batzuk ezarri dira.
• Akazi egurrezko enbortxoak eta pergola berri bat jarri dira.
• Hondarrarekin jolasteko eremu berri bat sortu da.
• Bi tutu handi jarri dira, haurrek jolasteko.
• Egurrezko elementu berriak jarri dira.
Guztira, 22.527,10 euroko inbertsioa egin du Udalak jolasgune berri hau eraikitzeko, eta Kimu bat enpresa izan da proiektua diseinatu eta lanak exekutatu dituena.