Geuretik Sortuak ekimenaren "irekiera sinbolikoa" atzo, Oiartzunen

Geuretik sortuak Oiartzun 1

Atzo, osteguna, Oiartzungo Arizmendi Enea eraikineko lorategian, Geuretik Sortuak proiektuaren bigarren aurkezpen ekitaldia izan zen. Zita horren helburua bikoitza zen: batetik, proiektuan parte hartuko duten 26 artistek eta horiek jasoko dituzten udalerrietako ordezkariek elkar ezagutzea eta, bestetik, egonaldi artistikoen garaiari hasiera sinboliko bat ematea.

Duela hilabete eman zen aditzera kultur proiektu honen lehen edizioan parte hartuko zuten artista eta udalerrien zerrenda. Idazle, zinegile eta antzerki konpainiak biltzen ditu zerrenda honek, eta helburua, norberaren sorterritik kanpo, eta hiru asteko egonaldia eginez, obra bat sortzea izango da: Amasa-Villabonaren kasuan, Maitane Perez idazle iruñarra jasoko dugu. Guztira, 16 ipuin, 5 film labur eta 5 antzezlan sortuko dira ekimen honekin. Eta, obra guztiek egonaldia egin duten herri horren errealitatea islatuko dute, modu batera edo bestera; beti ere, artisten sormen gaitasuna eta proposamen artistikoak errespetatuz.

Argazki jendetsua
Ekitaldia amaitutakoan, bertaratutako gonbidatu guztiek argazkia atera zuten Arizmendi Enea eraikin historikoko balkoira begira. Maitane Perez (idazlea) eta, Beatriz Unzue eta Xabat Laborde (Amasa-Villabonako alkatea eta euskara zinegotzia) ere bertan izan ziren.

Ikusi taldeko argazkia hemen

Udalbiltzako lehendakariaren hitzek laburbildu dute momentua: “argazki hau ere herri honen kontakizunaren parte izatera igaroko da; Euskal Herri osoko sortzaile eta hautetsiak euskarazko kulturari eta sormenari putz handi bat emateko Geuretik Sortuak izeneko teilatupean elkartu zirenekoa”.