Tolosaldeko alkate mugimendua osasun sailburuarekin bilduko da

Alkateen Mugimendua Trianguloan web

Tolosaldeko Alkateen Mugimendua osatzen duten 25 alkateek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Tolosako Trianguloan. Beatriz Unzue, Amasa-Villabonako alkatea ere bertan izan zen.

Jarraian agerraldian aurkeztutako testua:


TOLOSALDEKO ALKATE MUGIMENDUAK ALKATEEN FOROA DEITU DUGU, TOLOSALDEKO OSPITALEAZ HITZ EGITEKO.

Eskualdearen hitza helaraziko diogu, elkarrekin, ekainaren 9an dugun bileran, Sagardui Osasun Sailburuari.

Gaurko agerraldia Tolosaldeko Alkateen Mugimendua osatzen dugun Tolosaldeko osasun eremuko 25 alkatek deitu dugu.

Osasun mahaia eratzeko proposamena aurkeztu genuenetik arloz arlo lanketa burutzen aritu gara, Tolosaldean osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa izan dezagun. Antolatutako lan mahai ezberdinetan, kokapena, zerbitzu kartera eta zehaztu beharreko bestelako gaiak hausnartu ondoren, Alkateen Foroa deitu dugu gure proposamena Tolosaldeko Osasun Eremuko alkate guztiekin elkarbanatu eta egon daitezkeen ekarpenekin osatzeko asmoarekin.

Arduraz eta erantzukizunez jokatzea dagokigu eskualdeko alkateoi, hori horrela oraindik alkateon mugimenduan parte hartzen ari ez diren Tolosako, Belauntzako, Abaltzisketako, Berrobiko, Larraulgo eta Andoaingo alkateei, Alkateen Foroan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, elkarrekin eta denon artean adostu dezagun zer nolako osasun eredua eta azpiegiturak behar ditugun Tolosaldean.

Modu honetan, Alkate Mugimenduak ekainaren 9an Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin duen bileran denon ahotsa ordezkatua egongo da. Izan ere, eskualde osoko herritarren onurarako, Tolosaldeak ahots bateratua izatea da zentzuzkoena eta eraginkorrena, etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakiak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailarekin batera elkarlanean hartzeko.