Amasa-Villabona eta Zizurkil mankomunitatera gehituta gogoratu du UEMAk 30 urteko ibilbidea

uema-76

• Larunbatean batzar nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako ehun bat alkatek eta zinegotzik Amasa-Villabonan, eta bi udal berri onartu dituzte UEMAn: Amasa-Villabona eta Zizurkil. UEMAko kide dira larunbatetik aurrera.

• UEMAren 30 urteko ibilbidea eta lana gogoratzeko ekitaldi instituzionala egin zuten ondoren, eta bertan izan ziren euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.

• UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok nabarmendu bezala, “erdaren erauntsiari aurre egiteko, euskararen ekosistema osoa elikatuko duen egiturazko neurri sendoak behar ditu euskarak, urte askoan egin dugun bidea eta lana benetan loratu dadin”.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ohiko batzar nagusia egin zuen maiatzaren 29an Amasa-Villabonan, eta bertako udalak eta Zizurkilgoak mankomunitatera gehitzeko egindako eskaerak onartu zituzten batzarkideek. Horrela, 90 udal izatera heldu da UEMA. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

UEMAko kide diren bi udal berrietako alkateek hitza hartu zuten batzarraren amaieran, eta hitzekin jolasean, herritarren eta UEMAren ekarpena eskertu ostean, Amasa-Villabona eta Zizurkil euskarak batzen dituela nabarmendu zuten. Horrela, urratsa berriarekin “gure ametsak egi bilakatzeko bidean jarriko gara. Arnasgune izaten jarraitu nahi dugu”, adierazi zuten, Pedro Mari Otañoren Amets bat bertso sortako bertso batekin amaituz.

Beatriz Unzue eta Iker Urruzola alkateen hitzartzea

1991ko maiatzean sortu zen UEMA, hainbat udalek Aizarnazabalgo Udalerri Euskaldunen Egunaren baitan egindako batzarraren ostean. 30 urte geroago, batzar nagusia amaitu ondoren, Amasa-Villabonako Gurea antzokian gogoratu dute ordudanik egindako bidea, eta UEMA bide urratzaile eta aitzindari izan dela nabarmendu dute ekitaldian parte hartu duten euskalgintzako zein erakunde publikoetako ordezkariek.