Mintzola Ahozko Lantegiaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki da

Villabona - Taller de Oralidad Mintzola-Mintzola Ahozko Lantegia

Mintzola Fundazioko Patronatuak honako oharra argitaratu du gaur, hartutako erabaki garrantzitsuaren berri emanez:

Ahozkotasunaren ikerkuntzan eta hedatzean Mintzolaren lekukoa har dezan proposatu diote Euskaltzaindiari

Mintzola Fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea erabaki dute, aho batez, patronatuko kideek; urte hauetan guztietan hamaika ikerlan eta proiektu sustatu ditu Villabonan kokatutako Ahozko Lantegiak

Aurrerantzean ere, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza izaten jarraituko du Subijana Etxeak

Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta, azken urtebete honetan bere helburuen eta egitekoaren inguruko gogoeta burutu du Mintzola Fundazioak. Prozesu horren ondorioz, patronatuko kideek aho batez erabaki dute fundazioaren ibilbidea amaitutzat ematea eta ahozkotasunari buruzko ikerkuntza eta hedatze lanaren lekukoa Euskaltzaindiak har dezala proposatzea. Villabonako Subijana Etxeak, berriz, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza izaten jarraituko du aurrerantzean ere.

Hartutako erabakiak Ahozko Lantegiaren eta Bertsozale Elkartearen proiektuak fisikoki banatzea dakar eta, Mintzolako kide diren erakunde eta eragileek hala adostuta, ahozkotasunaren lanketa beste modu batera bideratzea ekarriko du. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Villabonako Udala, UPV/EHU eta Kutxa Fundazioa bat etorri dira Mintzola Fundazioakeuskarari eta euskal kulturgintzari egindako ekarpena azpimarratzeko garaian, urte hauetan guztietan hamaika ikerlan eta proiektu sustatu baititu. Aldi berean, eragile guztiek bere esker ona adierazi nahi izan diete urte hauetan guztietan Ahozko Lantegian lanean jardun diren pertsona eta eragile guztiei, izan teknikari, aditu, ikertzaile, herritar nahiz erakunde.

Berriki egindako batzarrean patronatuko kideek, beraz, fundazioa desegin eta Ahozko Lantegiaren jarraipena Euskaltzaindiaren esku uzteko proposamena hobetsi dute. Azken honek baiezkoa eman ostean, inplikatutako eragileek, euskarazko ahozkotasunaren ikerketari eta dibulgazioari jarraipena eman asmoz, prozesu bat abiaraziko dute irailetik aurrera, errelebo horren inguruko baldintzak modu egokian eta adostuan gauzatu ahal izateko.

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan guztietan, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, diziplina hauek indartuz. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan.

Orain arte egin bezala, euskararen biziberritzeak guztion arteko elkarlana eta ekarpena behar duela iritzita, urte hauetan guztietan Mintzola Fundazioko patronatu izan diren kideak elkarlanerako prest agertu dira.