Alos Quartet taldearen kontzertua, urriaren 2an, Amasako elizan

210923 ALOS-QUARTET

Xabier Zeberio, Lorena Núñez, Francisco Herrero eta Iván Carmona, Alos Quartet alegia, kasu honetan Ivan Alzate baxu-jotzaileak lagunduta, beren ibilbideko bakarkako bosgarren lana aurkeztuko dute urriaren 2an, Amasako elizan, 19:30ean. Sarrera doan izango da.

Gasteizko Principal Antzokian (Aitzinafolk), Donostiako Victoria Eugenian, Tolosako Leidorren eta Bilboko Azkuna Zentroan (Loraldia) eskainitako 4 emanaldietan Jean Phocasek grabatua, hainbat musikari lagunen partehartzearekin, taldeak bere ibilbideko doinu esanguratsuenak biltzen dituen lana osatu du.

Emanaldi berezi hauetan sortutako magia eta Alos Quarteten zuzenekoetako esentzia gordetzen ditu disko berriak. Zuzeneko energia eta bapatekotasun zoragarriz ondutako 18 konposiziotan, taldearen hainbat doinuren bertsio berrituak eta inoiz erregistratu gabeko piezak nahasten dira. Horiez gain, Amasako kontzertuan taldearen betiko piezak ere entzungo ditugu.

Merezi duen ikuskizun goxoa izango da, dudarik gabe.