08Abendua2021

001.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Zabalik da Enplegunean parte hartzeko epea lan eskatzaileentzat

Zabalik da Enplegunean parte hartzeko epea lan eskatzaileentzat

211124Enplegunea

Ia 400.000 euro banatuko dira Tolosaldeko enpresen artean, eta gehienera ere 63 kontratazio sustatuko dira, berriak nahiz lehenagotik egindakoak.

Enpresen lan-eskaintzak argitaratzeko epea amaitu den arren, kreditua agortu bitarte egiten diren eskaerak ere onartuko dira.

Bueltan da Enplegunea. Tolosaldeko Lan Merkatuaren Topaketaren zazpigarren edizioa abenduaren 3an ospatuko da, Lehiberri Zentroan.

Bi oinarri izan ohi ditu Enpleguneak: batetik, kontratazioak sustatzeko eskualdeko enpresei Lanbideren bitartez ematen zaizkien diru-laguntzak; eta enpresen eta lan eskatzaileen aurrez aurreko elkarrizketak, bestetik.

Aurten, Lanbidek ia 400.000 euro bideratu ditu eskualdera, eta gehienera ere 63 kontrataziok jasoko dute diru-laguntza. Bada orain arteko edizioekin alderatuta aldaketa bat: aurten, lehen aldiz, urte osoan zehar egindako kontratazioak ere lagunduko dira diruz, nahiz eta baremazioan kontratazio berriak lehenetsi diren, lanpostu berrien sorrera sustatzeko.

Lan-eskaintza berrien zerrenda osoa ikusgai da Tolosaldea Garatzenen web orrian, eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko biztanleek izena emateko aukera dute jada. Enpresa bakoitzak bilatzen duen profilera hobekien egokitzen diren hautagaiak aukeratu eta elkarrizketatzeko aukera izango du, abenduaren 3an Lehiberri Zentroan.

Enpresentzat lan-eskaintzak argitaratzeko edo diru-laguntza eskaerak egiteko epea amaitu bada ere, kreditua agortu bitarte egiten diren eskaerak ere onartuko dira.

Tolosaldeko enplegua, “errekuperatzen”
Osasun krisiak ondorio nabarmenak utzi zituen iaz ekonomian, eta enplegua ez zen salbuespena izan: eten egin zuen ordura arteko joera positiboa, eta ziurgabetasun, itxiera eta ERTEak tarteko, erabat aldatu zuen lan merkatuaren egoera.

Bada, egoerak hobera egin ahala, pandemia hasi aurreko datuak berreskuratzen hasia da Tolosaldea, enpleguari dagokionez; zenbaitetan, baita hobetzera iritsi ere. Hala erakusten dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Tolosaldea Garatzenek helarazitako urriko datuek.

Aurten %12 jaitsi da langabezia Tolosaldean: 1.934 langabetu daude, urte hasieran baino 262 gutxiago. Eskualdeko populazio aktiboaren %8,2 dago lanik gabe; langabezia tasa hori %9,3an zegoen 2020 amaieran, eta %9,4an 2018. urtean. Hain zuzen, Gipuzkoako (%8,8) eta EAEko (%11) tasak hobetzen ditu Tolosaldeak.

Azken 12 hilabeteotan 198 lanpostu berri eratu dira, gainera: 243 afiliazio sortu dira erregimen orokorrean, eta 45 galdu autonomoetan. Orotara 17.386 afiliatu daude. Lan-kontratuetan ere gorakada izan da: %14 igo dira. Horien artean, kontratu mugagabeen kopurua txikia da oraindik, %11, baina aipagarria da izan duten igoera.

Tolosaldean lan bila dabiltzanen profilari begiratuz gero, are nabarmenagoa da erretratua: %58 emakumea da –eta igotzen ari da, gainera–. Adinari dagokionez, langabeen ia erdia 45 urtetik gorakoak dira. Eta jatorriari erreparatuta, estatuan jaiotakoa da lan bilatzaileen %77.

Bi heren baino gehiagok kualifikazio apaleko lanpostuak bilatzen ditu (%64k), derrigorrezko ikasketak baino eskatzen ez dituena. Eta %54ak denbora luzea darama lanik egin gabe. Hain zuzen, langabe horien azken lanpostuak analizatzen hasita, %63 zerbitzuetan ari zen lanean; %15 industrian, %5 eraikuntzan eta %4 nekazaritzan. Gainerako %13ak ez zuen lanik.

Zu hemen zaude: Albisteak Zabalik da Enplegunean parte hartzeko epea lan eskatzaileentzat
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.