Beertoki azokak bere ibilbideari amaiera emango dio larunbat honetan
- In Albisteak
- Post 2022 Apirila 22

Amasa-Villabonako Beertoki garagardo artisauaren azokak bere azken edizioa ospatuko du larunbat honetan. Bost urteko ibilbide arrakastatsuaren eta pandemia baten ondoren, ekimenaren antolatzaileek etapa bat ixtea erabaki dute, eta beraz, aurtengoa hitzordu berezia izango da zalantzarik gabe.
Azoka ohiko lekuan, Villabonako udal pilotalekuan izango da eta antolatzaileen esanetan helburua artisau garagardoaz, gastronomiaz eta kulturaz gozatzea da. Azokak aurreko edizioetako ordutegi bera izango du, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 21:00etara; oraingoan, eguerdian atseden hartuko dute eta ez da gaueko jarduerarik programatu.
Baobeer, Garagart, Morlaco, Basqueland Brew, Laugar, Byra, Gross, Brew&Roll, Mala Guissona, Boga, Tito Blas, Mitika, La Txika de la Cerveza edo Xorta garagardo-ekoizleek beren produktuak erakutsi eta salduko dituzte. Garagardo kartaz gain, Tolosako Ama Tabernako sukaldariek pintxoak eta janari razioak prestatuko dituzte, eta Ekotaloren taloak dastatu ahal izango dira. Ohikoa denez, azokan parte hartuko duten ekoizleen 60 garagardoko sorta baten zozketan parte hartzeko txartelak jarriko dira salgai. Antolatzaileek azken Beertokiaz gozatzera animatu dituzte herritarrak.
Amasa-Villabonako udalak eskerrak eman nahi dizkio Beertoki azokako antolatzaile talde osoari, izan ere, antolatu dituzten bost edizioek ekarpen aparta egin diote gure herriari. Bereziki aipagarria da bolondres gisa, inolako irabazi ekonomiko lortzeko asmorik gabe, zaletasun hutsagatik, Beertoki azokaren antolaketan aritu diren herritarrek egindako lan bikaina. Auzolanaren bidez herriari bizitza ematearen eredu ederra eskaini dute.
Zorionak eta eskerrik asko Beertoki!