Udalak Seaska haur eskolako jolastokia eraberrituko du

220504Haurreskola

Udalak, Seaska haur eskolako hezitzaileekin eta Haurreskolak partzuergoko arduradunekin adostasunez, eraikinaren kanpoaldean dagoen jolas parkea eraberrituko du, elementu naturalez osatutako parke berri bat eraikiz.

Eremu naturalek eta berdeguneek mesede handia egiten diete haur txikiei, izan ere, ingurune natural batean aurki ditzaketen “pieza askeekin” askatasuna eta burujabetasuna lantzen dute eta eurek gidaturiko jolasen bidez, mundu eta istorio kolektiboak sortzen dituzte. Gainera, gela barruko ikasketa-eredua zail egiten zaie hainbat haurrei eta onura handia dakarkie jolastoki aberats eta praktikoa izateak.

Horregatik, Udalak jolas eremu natural bat sortuko du Amasa-Villabonako Seaska haur eskolako kanpo espazioan, umeek haurtzarotik naturarekiko lotura eta zaletasuna garatu dezaten. Bide batez, naturgune honen bidez, bizi-estilo osasungarrietara ere bideratu nahi ditu umeak.

Seaska haur eskolako alboan jarriko den jolas eremu naturala sortzeko lanek honako ezaugarriak izango dituzte:

• Egungo kautxozko lurzorua kenduko da eta bertan dagoen etxola lekuz aldatuko da.
• Belar artifizialaren azalera berri bat ezarriko da.
• Akazi egurrezko enbortxoak eta pergola berri bat jarriko dira.
• Hondarrarekin jolasteko eremu berri bat sortuko da.
• Tutu handi bat jarriko da, haurrek jolasteko.
• Triangelu formako egurrezko elementuak jarriko dira.

Jolas eremu natural honekin, Udalak egungo txikiak naturaren garrantziaz kontzientziatu nahi ditu, etorkizuneko heldu kontzienteak izan daitezen.

Guztira, 22.527,10 euroko inbertsioa egingo du Udalak jolasgune berri hau eraikitzeko, eta Kimu bat enpresa kontratatu du proiektu honen diseinu eta exekuziorako. Lan hauek maiatza amaieran hasiko direla aurreikusten da, beraz, haur eskolako ikasturte amaierarako amaituta egongo direla espero da.

Proiektuaren infografia