08Abendua2022

001.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Oharra, 2022ko memoriaren eguna dela eta

Oharra, 2022ko memoriaren eguna dela eta

20221110MemoriarenEguna

Gaur, azaroak 10, memoriaren eguna ospatzen da. 2016. urtetik Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordea lanean ari da, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien parte hartzearekin: EH BILDU, EAJ-PNV eta PSE-EE.

Aurten, batzordea hainbat ekimen antolatzen ari da Amasa-Villabonako herritarrei zuzenduak:

  • Urriaren 26an Aranzadi Zientzia Elkartearen hitzaldia egin zen. Bertan, azken bi urteetan burututako ikerketaren berri eman zen: Amasa-Villabonako oroimen historikoa (1936-1975) eta gertukoa (1960. urtetik gaur egunera arte). Horrela, Amasa-Villabonan gertatutakoaren ezaguera orokorra eskuratu dugu, egondako indarkeria eta eragindako biktima eta hauen sufrimendua ezagutu ditugu. Parekatu gabe, baina batez ere, inor ahaztu gabe. Dagoeneko argitaratuta daude ikerketaren emaitzak www.amasa-villabona-oroimen.eus webgunean.

  • Urriaren 26an bertan, hitzaldiaren amaierak bide eman zion Lasarte-Oriako Herritar Foroak antolatutako “Bizikidetzarako memoria para convivir” erakusketaren inaugurazioari. Foroko bi kide bertaratu ziren euren ibilbidearen eta erakusketaren nondik norakoen berri emateko.

  • Azaroak 7: Erniobea ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako DBH4-ko ikasleekin batera, Ander Gillenearen eskutik, “Gure historiako pasarteak (1990-2018)” argazki emanaldia burutu zen Gurea zinema aretoan. Ikasleak, azken hiru hamarkadetan bizi izandakoaren lekuko bihurtu ahal izan ziren une batez.

  • Azaroaren 10ean: Gaur arratsaldean erakusketari amaiera emango zaio. Lasarte Oriako Herritar Foroak antolatutako lanak harrera ona izan du herrian eta bisitari ugari izan ditu.

  • Azaroak 21: “Glencree 10 urte: Mendi handi baten igoera” solasaldia burutuko da, Edurne Brouard Aldamiz eta Fernando Garrido Velascoren eskutik. Bertan, bi biktimek kontatuko digute nolako izan zen beren parte-hartzea Glencree Ekimenean. Arratsaldeko 19:00, Subijana Etxean.

Amaitzeko, Udalak bere esker ona adierazi nahi die ekitaldietan partaide izandako herritarrei eta, oro har, elkarren arteko bizikidetza eraikitzailea sustatzen ari diren pertsona guztiei. Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza Batzordeak bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, giza eskubideak bere osotasunean bermatzeko, haien ezagutza, defentsa eta urraketa-egoeren aurrean, salaketa sustatuz. Honela gizarte justuago bat eraikitzen lagunduko duela sinistuta gaude.

Zu hemen zaude: Albisteak Oharra, 2022ko memoriaren eguna dela eta
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.