Udalaren ekimena, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira
- In Albisteak
- Post 2022 Azaroa 23

Aurten ere Udalak bat egingo du azaroaren 25eko, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren aldarriarekin. Horrela, Udaleko Berdintasun eta Hezkuntza sailek egun horren harira, ekimen xume bat antolatu dute ostiralerako, azaroaren 25erako, 11:45ean, Erreboteko plazan. Bertan herriko ikastetxeek, Santiago egoitzak, EPAk eta herriko beste zenbait eragilek ere parte hartuko dute.
Aurtengo ekitaldian, Udalak indarkeria matxistak hil dituen emakumeak eta indarkeria bikarioagatik eraildako haurrak ekarri nahi ditu gogora. Horretarako, Zubimusu, Fleming eta Erniobea ikastetxeetako ikasleek eurek sortutako tximeletekin jantziko dute Udaletxeko ataria. Tximeletak indarkeria bikarioaren aurkako ikur bihurtu dira eta genero-berdintasuna eta errespetua defendatzen dituzte. Era berean, Amaia Agirre bertsolariak egun horretarako propio sortutako bi bertso ere abestuko dituzte elkarrekin.
Udalak indarkeria matxista pairatzen duten edo sufritu duten emakume zein haur guztiekiko elkartasuna adierazi nahi du, eta, bide batez azpimarratu nahi du indarkeria matxista kasuak ez direla eraildako emakumeenak soilik. Tratu txarrak, etxeko indarkeria, umilazioak, kontrola … ere indarkeria matxista dira.
Amaitzeko, Amasa-Villabonako Udalak Aiztondoko Mugimendu Feministak antolatutako elkarretaratze ibiltariarekin bat egiten du, eta herritarrei ere aktiboki parte hartzeko gonbitea luzatu nahi die. Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko beharrezkoa da herritar guztion indarrak batzea. Indarkeria matxistari aurre egitea denon ardura da!