01Otsaila2023

003.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Udalaren adierazpena 2022ko Euskararen egunean

Udalaren adierazpena 2022ko Euskararen egunean

EUSKARAREN EGUNA2022

Amasa-Villabonako udalak Erakunde Adierazpena kaleratu du gaur, euskararen nazioarteko egunean. Adierazpen hau pasa den azaroaren 29ko udalbatzaren osoko bilkuran onartu zen EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien babesarekin eta PSEk abstentzioarekin. Adierzpen hau UEMA osatzen duten herriek modu bateratuan onartu eta kaleratu dute.

Hanakoa da Amasa-Villabonako udalak gaur kaleratu duen Erakunde Adierazpena:

ARNASA ETA BIDEA ZABALTZEN
Udalerri euskaldunen adierazpen bateratua

Berriki ezagutu ditugu udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoaren datu gehiago. Euskararen ezagutzak gora egin duenez, gero eta gehiago dira udalerri euskaldunak, eta euskararen lurgunea ere sendotzen ari da. UEMAra gehitu diren azken udalak kontuan hartuta, berriz, 300.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herriek.

Ez da nolanahiko zenbakia. Euskal Herrian ekoizten den euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten baita. Hemen dago, kuantitatiboki, euskararen errealitatearen erdia. Kualitatiboki, berriz, euskarari hauspoa eta arnasa ematen diote udalerri euskaldunek. Berebiziko garrantzia dute euskararen biziberritzean, transmisioan eta indarberritzean, eta herri honen izaeraren ardatza dira. Euskararen herriak gara, eta Euskararen Herria osatzen dugu denon artean. Euskal Herria.

Hizkuntzaren osasuna, ordea, erabilerak erakusten du, eta hor erronka handiak ditugu, gaur bertatik hasita. Hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara sustatzeko ariketa handia egin dugu azken egunotan, bai herritarrek, gizarte eragileek zein erakunde publikoek.

Atzo amaitu zen Euskaraldia, eta beste behin ere ederra izan da herri honek euskaraz bizitzeko adierazi duen gogoa.
2022ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean. Euskararen biziberritzea, ordea, ezin da ulertu ahalegin indibidualen batuketa moduan. Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu, eta herritarrei euskaraz bizitzeko bidea bermatzea eta erraztea.

Udalerri euskaldunei eustea ezinbestekoa du herri honek, euskararen herria izaten jarraituko baldin badu. Horretarako, udalerri euskaldunak garatzeko erabakiak eta bitartekoak behar ditugu, udalerriei bizirik eusteko. Baina baita udalerri horietan euskarari eusteko ere. Hirigintzan, ekonomian, lurralde antolaketan, kulturan edota turismoa sustatzeko ekimenetan hartzen ditugun erabakiek eragin handiagoa izan dezakete euskararen erabileran eta bilakaera soziolinguistikoan, euskara zerbitzuetatik hartzen diren erabakiek edota egiten den hizkuntza politikak baino. Aurten, Euskararen Eguna, hori ikusarazteko eta ulerrarazteko mugarria izatea nahiko genuke.

Izan ere, udalerri euskaldunetan euskarari eusteko egiturazko erabaki ausartak behar ditugu, elebitasun orekatua gainditu eta oraindik ere hauskorrak diren udalerri euskaldunetan euskarak bidea eta arnasa zabaltzen segi dezan.

2022ko abenduaren 3an, Euskararen Egunean

Zu hemen zaude: Albisteak Udalaren adierazpena 2022ko Euskararen egunean
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.