Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio jendetsua
- In Albisteak
- Post 2023 Urtarrila 03

2022. urteko azken arratsaldean, abenduaren 31n, Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek deituta, euskal presoen eskubideen alde manifestazio isila egin zen Villabona eta Zizurkil artean.
Urtea agurtu baino lehen, aurtengoan ere Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek euskal presoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko manifestazio isila antolatu zuten. Bertan, Aiztondoko bost udaletako alkateek euren konpromisoa berretsi zuten euskal presoen eskubideen defentsan.
Manifestazioa arratsaldeko 18:30etan abiatu zen Villabonako Errebote plazatik, eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan izan zuen amaiera. Bertan, egun Aiztondoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daudela gogoratu zuten baina era berean ez zuten ahaztu nahi izan dispertsioak eta urrunketa politikak utzitako arriskua eta sufrimendua urte guzti hauetan, eta euskal presoen eskubideak urraturik jarraitzen dutela salatu zuten.
Horrenbestez, euskal presorik gabeko agertoki bat «ahalik eta azkarren» lortzeko itxaropena plazaratu zuten, «hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena».