Martxan dira herriko udaleku irekiak

Udalekuak 2021
Atzo goizean hasi ziren udara honetako udalekuak. Guztira, 96 haurrek eman dute izena, eta uztailaren 21era arte egunero ekintza desberdinekin gozatzeko aukera paregabea izango dute: piraguan ibiliko dira, Larraitzeko zuhaitz parkera joango dira, mozorro festa egingo dute…

Udaleko Gazteria sailak euskararen erabilera sustatzeko eta aisialdian ondo pasatzeko helburuarekin antolatu ditu udalekuak. Gainera, saiakera berezia egin du bertan parte hartuko duten hezitzaileak Amasa-Villabonakoak izateko. Horrela, 11 profesionalez osatutako lan-taldea sortu du.

Bizi dugun osasun egoera kontuan hartuta, udaleku hauetan zorrotz beteko dira segurtasun neurri guztiak, beraz, haurrak talde ezberdinetan antolatuta egongo dira udalekuek irauten duten bitartean.

2021 honetako udalekuen programa garatzeko Udalak TTakun elkartea kontratatu du, eta guztira, 29.000 euro bideratu ditu egitasmo honetara.