18Apirila2024

002.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak RASD-en 47. urteurreneko Adierazpena onartu du Udalbatzak

RASD-en 47. urteurreneko Adierazpena onartu du Udalbatzak

20230301Sahara

Atzo ilunabarrean izan zen Osoko Bilkuran, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 47. urteurreneko adierazpen Instituzionala onartu zen EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko 11 bozkekin eta PSEren abstentzioarekin.

Onartutako adierazpenaren testu osoa:

Egun batzuk barru, 2023ko otsailaren 27an, saharar herriak Saharako Estatuaren (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa - RASD) sorreraren 47. urteurrena ospatuko du.

Mendebaldeko Sahara okupatu eta saharar herriaren borrokaren 47 urte igaro ondoren, egoera konpondu gabe dago oraindik, eta, bai lurralde okupatuetan bizi diren biztanleek, bai Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetan bizi direnek, giza eskubideen urraketak pairatzen dituzte eta Marokoren okupaziopean edo babeskanpalekuetan bizitzera behartuta daude.

Testuinguru horretan, Fronte Polisarioaren eta Marokoko Erresumaren arteko elkarrizketak desblokeatzeko Nazio Batuek emandako pausoak, Staffan de Mistura diplomatiko italiar-suediarra izendatu ondoren, 2021eko azaroaren 1ean, bere Mandatari Pertsonal berriak aurrerapausorik gabe jarraitzen du, Maroko oztopatzen ari delako; izan ere, Mistura jaunak 2022ko urtarrilean bira bat hasi zuen eskualdean, aldeen arteko bake-prozesua berpizteko asmoz, baina, beste behin ere, Marokok eragotzi egin dio De Mistura jaunari Marokoko Erresumak okupatutako Lurralde Ez Autonomoa bisitatzea, 2015etik edozein ikuskaritza independenteri erabat blokeatuta baitago, baita NBEko Giza Eskubideetarako Goi Komisarioaren Bulegoari ere.

Jakina da oraindik ez dela MINURSOren (Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa) ardura sahararren giza eskubideak zaintzea Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan. Gainera, su-eten akordioaren amaieraren aurrean, 2020ko azaroaren 13an, sahararrek Marokoren okupaziopean bizi duten egoera oso kezkagarria da, gogortzen ari direlako.

Okupatutako Mendebaldeko Saharan giza eskubideen urraketak ez du etenik izan 1975etik, baina su-etena hautsi ondoren, Marokoko okupazio-indarrek presentzia militarra eta paramilitarra areagotu dute, sahararren oinarrizko eskubideen urraketak areagotuz, eta, ondorioz, haien egoera izugarri okertu da. Etxebizitzetan indarrez sartzen dira, eta biztanleak atxilotu, mehatxatu, eta torturatu egiten dituzte. Auzo osoak benetako ghetto bihurtu dira, Marokoko indarren etengabeko zaintzapean, eta haien helburu nagusia giza eskubideen defendatzaileak eta okupazio-indarren aurkako disidentzia-ahotsak isilaraztea da, Sultana Jaya aktibistaren eta bere familiaren kasuan nabarmentzen den bezala, indarkeriaren eta bortxaketaren biktima izan direnak. Hori guztia Nazio Batuek aitortzen duten bere herriak autodeterminaziorako eta
independentziarako dituen eskubide legitimoak defendatzeagatik.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ez du inolako interesik erakutsi Marokoko segurtasun-zerbitzuetako kide askok Sultana Jayaren familiari Bojador okupatuan etengabe, gau eta egun, egiten dioten jazarpenarekiko.

Nazioarteko araudi gehienek delitutzat jotzen dute arriskuan dagoen pertsonari ez laguntzea. Europar Batasunak eta Marokok arrantzaren arloan lortutako akordioari dagokionez, Europako Justizia Auzitegiaren epaia albiste eta aurrerapen garrantzitsu gisa hartu zen.
Epai horren arabera, "Marokoko Erresumak Mendebaldeko Sahararen gainean duen subiranotasuna ez dute onartzen ez Europar Batasunak ez haren estatu kideek, ezta, modu orokorragoan, NBEk ere". Hala ere, eta epai horren aurka, 2019ko otsailaren 13an, Europako Parlamentuak Marokoko Erresumaren eta Europar Batasunaren arteko negoziatutako akordioa onartu zuen, zeinak okupatutako Mendebaldeko Sahararen lurraldea barne hartzen duen legez kanpo.

Eskualdeko eskala militar berriaren ondoren, eta F. Polisarioaren XVI. kongresuaren ondoren, non herriak Marokoren okupazioaren aurkako erresistentzia areagotzea eskatu duen, oso une konplexua bizi da, Europar Batasunarentzat estrategikoa den eskualde baten egonkortasuna arriskuan jartzen duena. Testuinguru horretan, eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiaren aurka, gauzatutako gertakarien politika bat inposatu nahi da saharar herriaren eta Fronte Polisarioaren pazientzia ahultzeko asmoarekin.

EBko Auzitegi Nagusiak Fronte Polisario/EBko Kontseiluaren gaietan emandako epaiek (2021eko irailaren 29a) baliogabetu egin zuten EB-Maroko akordio ekonomikoak Mendebaldeko Saharara hedatzea.

Era berean, oso beharrezkoa da misio instituzional desberdinen lana, lurralde okupatuetan sahararren aldeko adierazpen-, bilera-, elkartze- eta manifestazioeskubideen urraketa larriak egiaztatzeko, eta Nazio Batuen ebazpenak betetzeko eta giza eskubideak errespetatzeko exijitzeko.

Horregatik guztiagatik:

BERRESTEN dugu Fronte Polisarioa dela Saharako Herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra, NBEk eta nazioarteko komunitateak hala onartuta.

Berriro SALATZEN dugu Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia legez kanpokoa dela, eta ezin duela eragin juridiko edo politikorik izan saharar herriak autodeterminaziorako eta independentziarako duen eskubidea kaltetzeko.

BAIEZTATZEN dugu Mendebaldeko Sahara Lurralde Ez Autonomoa dela, Nazioarteko Zuzenbidearen menpekoa, inoiz ez da Marokoko Erresumakoa izan, eta, horregatik, Mendebaldeko Sahararen legez kanpoko okupazioa bertan behera uzteko eta Saharako Herriak autodeterminaziorako duen eskubidea gauzatzea ahalbidetzeko exijitzen diogu.

Erreferentziatzat JOTZEN DUGU Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako Osoko Bilkuraren autoa, Espainiari buruzko erabakia hartzen duena Mendebaldeko Saharako iureko potentzia administratzaile gisa.

Marokoko Erresumari EXIJITZEN diogu saharar preso politikoak eta kontzientziako presoak berehala aska ditzala eta kontrolatzen dituen espetxeetan giza eskubideen urraketak eten ditzala, presoen osotasun fisikoa eta psikikoa bermatuz. Era berean, elkartasuna adierazten diegu haien familiei.

ERABAT GAITZESTEN dugu Marokoko Gobernuak bere itsas eremua Mendebaldeko Saharari zuzenean eragiten dioten uretan ezartzeko hartutako aldebakarreko erabakia, Nazio Batuen Erakundearen Itsas Eskubideei buruzko Konbentzioan adierazitakoa eta Marokok onartu duena urratuz.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Mendebaldeko Saharan Marokoko Gobernuak emandako epaiak gorabehera, baliabide naturalen espoliazioa SALATZEN DUGU, eta zonaldean jarduten duten enpresei nazioarteko zuzenbidearekiko eta sahararren eskubideekiko errespetua exijitzen diegu, interesatuei (enpresei eta herrialdeei) Saharako Herriaren ordezkari legitimoarekin, Fronte POLISARIOAREKIN, negoziazioei ekiteko eskatuz.

Espainiako Gobernuko presidenteak Mendebaldeko Sahararekiko Marokoren autonomia-proposamena defendatzean izan duen jarrera aldaketa SALATZEN dugu; izan ere, Espainiak amaitu gabeko deskolonizazio-arazo bat baita eta lurraldearen potentzia administratzailea izaten jarraitzen baitu.

Egoera horren aurrean, bi jarrera posible baino ez daude: alde batetik, anbiguotasunik gabe Nazio Batuen eta Afrikako Batasunaren prozesu politikoei laguntzea, bidezko konponbide politiko eta behin betikoa lortzeko. Edo, beste alde batetik, Nazioarteko Zuzenbidearen inposizioei entzungor egitea eta Espainiaren interesak Marokoko Erresumak Nazioarteko Zuzenbidearen, Saharar herriaren Autodeterminaziorako Eskubidearen eta interes geoestrategiko eta ekonomikoen aurka dituen desioen mende jartzen jarraitzea; nahiz eta ez liratekeen bateraezinak izan behar, baizik eta horiek uztartzea gaur egungo nazioarteko sistema multilateraleko edozein herrialdek lortu beharko lukeen moduan.

Otsailaren 2an eta 3an Rabaten egindako RAN goi-bileran, Espainiako Gobernuko presidenteak autonomiaren aldeko eta saharar herriaren zuzenbidearen aurkako jarrera berretsi zuen, eta Afrika iparraldeko ezegonkortasunean eta segurtasunik ezan sakondu besterik ez du egin, bere jarrerarekin Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioa oztopatuz.

USTE DUGU estatu saharar aske eta independente bat dela irtenbidea, besteak beste, estatu hori badela onartzeak berekin ekarriko duelako Marokorekiko harremanak xantaiaren eta ustelkeriaren mende egoteari uztea.

Nazio Batuen Erakundeari ESKATZEN diogu lehenbailehen susta dezala Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbide justu eta behin betikoa, eta irtenbide hori erreferenduma eginez saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea praktikara eramatea da. Eta Nazio Batuen Erakundeak Genevan duen Giza Eskubideen Kontseiluari eskatzen diogu Mendebaldeko Sahararako Giza Eskubideen errelatore bat izenda dezala.

Mendebaldeko Saharan bizi den egoera larria ikusita, MINURSOk bere funtzioak zabaltzeko ESKATZEN dugu berriro. Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeari eskatzen diogu misioari ahalmena eman diezaiola Marokok okupatutako lurraldeetan sahararren giza eskubideak zaintzeko eta babesteko.

Europar Batasunari EXIJITZEN diogu Marokoko Erresumarekiko lehentasunezko akordioan ezarritako giza eskubideak errespetatzeko klausula gauzatzeko.

Euskal erakunde publikoei ESKATZEN diegu Tindufeko kanpalekuetan dauden errefuxiatuei eta lurralde okupatuetako sahararrei laguntza solidarioa eta humanitarioa ematen jarraitzeko eta areagotzeko.

Espainiako Estatuak Mendebaldeko Saharako egoerarekin duen erantzukizun legal eta politikoaz jabetuta, dei egiten diogu Espainiako Gobernuari: 

1.- OFIZIALKI ADIERAZTERA “Madrilgo Akordioak” erabat deusezak direla, eta, adierazpen horrekin bat etorriz, saharar herriak bere autodeterminaziorako duen eskubide legitimoa defendatzeko beharrezkoak diren ekimen politiko guztiak sustatuko dituela.
Espainiako Estatuak ofizialki aitortzen du Madrilgo Akordioak, 1975eko azaroaren 14an sinatuak, ez zuela Lurraldearen gaineko subiranotasuna transferitu, eta ez ziela sinatzaileei potentzia administratzailearen izaera eman. Baldintza hori, Espainiak berak bakarrik, ezin du bere kabuz transferitu, eta, beraz, ez luke aldatuko Mendebaldeko Saharak nazioartean duen deskolonizatzeke dagoen lurralde ez-autonomo gisa duen izaera.

2.- Espainian Fronte Polisarioaren Ordezkaritzari estatus diplomatikoa EMATEA, Saharako Herriaren ordezkari bakar eta legitimoa den aldetik, NBEk hala onartuta. Era berean, RASDa aitortzea. Gure esker ona ADIERAZI nahi diegu saharar herriaren adiskidetasunaren alde egunero elkartasunean eta gizartean lan egiten duten elkarte eta talde solidarioei, haien helburu bakarra saharar herri senidearentzat etorkizun aske bat lortzea baita.

Oporrak Bakean haurren harrera-programaren funtsezko garrantzia AITORTZEN dugu, saharar eta euskal familien arteko elkartasunaren eta afektu- eta hurbiltasunharremanen adierazle nagusia baita.

Zu hemen zaude: Albisteak RASD-en 47. urteurreneko Adierazpena onartu du Udalbatzak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.