Herriko ikasleak Udalarekin bildu dira, Eskolako Agenda 2030 programaren harira
- In Albisteak
- Post 2023 Maiatza 08

Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskola, Zubimusu Ikastola eta Erniobea BHI ikastetxeko ikasleek orain dela bi urte abiatutako Eskolako Agenda 2030 proiektua lantzen jarraitzen dute. Hori horrela, gaur goizean Udaletxean izan dira ikasturte honetan emandako pausuak Beatriz Unzue alkateari eta Xabat Laborde alkateordeari azaltzeko.
Eskolako Agenda 2030 Garapen Jasangarrirako Helburuetan oinarritutako programa bat da, ekintza plan bat, alegia. Mundu mailako lorpenak bilatzen ditu: pobrezia desagerraraztea, planeta babestea eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzea. Horrela, amaitzear dagoen 2022-2023 ikasturte honetan, Energia irisgarria eta ez kutsagarria landu dute herriko ikasleek “Energia, bizitzaren motorra” lelopean.
Ikasleek hartutako konpromisoak
Irakasle eta gurasoen laguntzarekin, Amasa-Villabonako Lehen Hezkuntza eta DBHko 1016 ikasle aritu dira metodologia desberdinen bidez energiaren erabilera aztertzen, eta hainbat konpromiso hartu dituzte energia aurrezteko: Energia neurrian erabiliko dute, ahal dela argi naturala aprobetxatuko dute, eta behar ez diren gailuak itzalita daudela ziurtatuko dute une oro. Gainera, eskolarako joan etorriak oinez edo bizikletaz egingo dituztela esan dute. Beste herriren batera joatekotan, kotxearen ordez, garraio publikoa gehiago erabiliko dutela aipatu dute.
Udalari hainbat proposamen luzatu dizkiote ikasleek
Ingurumenari ahalik eta kalte txikiena sortzeko helburuarekin, hainbat proposamen luzatu dizkiote herriko ikasleek Amasa-Villabonako Udalari. Horrela, Lehen Hezkuntzako ikasleek eskolako fluoreszenteak LED argiz ordezkatzea, herriko eraikinetan eguzki plaka gehiago jartzea edota eskolan daudenak eguneratzea eskatu dute. Gainera, herriko dendei laguntzea ere proposatu dute, herritarrek bertan eros dezaten.
Bestetik, DBHko ikasle taldeak garraio publikoaren sarea bermatzea eta honen maiztasuna handitzea gaineratu diote eskaerari.
Udalak ikasleen eskaerei erantzuteko konpromisoa hartu du
Amasa-Villabonako Udalaren ordezkariak diren Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak ikasleek egindako lan bikaina goraipatu dute, eta era berean, hartu dituzten konpromisoengatik zoriondu dituzte. Gainera, arreta handiz entzun dituzte ikasleen proposamenak eta ekarpenak. Beraz, banan-banan guztiak aztertu ondoren, datozen asteetan erantzunak helaraziko dituzte ikastetxe guztietara.