24Maiatza2024

009.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Martin Aramendi izango da UEMAren lehendakaria agintaldi berrian

Martin Aramendi izango da UEMAren lehendakaria agintaldi berrian

20230925UEMA

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin zuen larunbatean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Ataunen, eta Martin Aramendi Ataungo alkatea hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Irune Urbieta izango da, Zarauzko zinegotzia. Aramendirekin eta Urbietarekin batera, UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko dute beste bederatzi kideak ere hautatu zituzten batzarrean bildu ziren alkateek eta zinegotziek.

Gaur egun 101 udalerri dira UEMAko kide, eta guztien artean 305.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute. Hurrengo hilabeteotan UEMAra sartzeko asmoa agertu dute udal gehiagok, eta udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzeaz gain, udalerri euskaldunak babesteko eta euskararen erabilera sendotzeko ildoek jarraituko dute izaten agintaldi berriko ardatzak, herritarren ahalduntzean eragiteko ekimenekin batera. Lehendakari kargua hartu orduko egindako lehen adierazpenetan, Martin Aramendik eskerrak eman dizkie batzarkideei, jasota konfiantzagatik, eta baita orain arteko lehendakari Iraitz Lazkanori eta lau urte hauetan zuzendaritzan lanean aritu diren batzordekideei ere.

UEMAren lehendakaritzan lekukoa hartuta, kargua ilusioz eta lanerako gogoz hartu duela adierazi du Martin Aramendik, “UEMA euskararen normalizazioan aitzindari eta eredu den erakunde garrantzitsua” delako. Azken agintaldian UEMAren lana aitortzeko eta UEMA sendotzeko egin den lana nabarmendu ondoren, urrats berrien garaia dela esan du: “Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu UEMAk. Dena dela, euskararen biziberritzean giltzarriak izango diren erabakiak hartzeko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira”.

Adostasunari dagokionez, UEMAn ordezkaritza duten alderdi nagusiek lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea adostasunez onartu izana ere garrantzitsua dela nabarmendu du Aramendik. “Ardura eta erronka handia da UEMAren lehendakari postua, baina zuzendaritza batzordea izango dut lagun. Alderdi eta kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere”.

Azkenik, UEMAk dituen erronka berriak ere hizpide izan ditu Aramendik: “Argi dago UEMA asko aldatu dela azken urteetan. Udalerri euskaldunen tipologia aldatu egin da, eta askotarikoa da gaur egun. Horrek euskaldunen tipologia ere goitik behera aldatu du, eta ezinbestekoa da horri erantzungo dion egitasmoak lantzea, herritarrak ahalduntzeko”. Horretarako, udalerri euskaldunen eta herritarren hizkuntza-ohituren diagnostiko zehatzak beharrezkoak direla aipatuta, “ezinbestean ikerketa-lerroa izango da UEMAk agintaldi honetan berariaz indartuko duen arloa, diagnostiko eta argazki zehatzarekin hizkuntza-politika tokian-tokiko errealitatera moldatu ahal izateko”. Aramendik nabarmendu duenez, horrek egitasmo berritzaileak ekarri ditu azken urteotan UEMAra, euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko hain beharrezkoa eta arrakastatsua izaten ari den egitasmo arrakastatsua bezalakoak, eta horrelako egitasmoak lantzea eta herrietan errotzea izango da hurrengo urteotan euskararentzat herritar berriak eta esparru berriak irabazteko giltzarrietako bat.

Adostasunez onartutako karguak eta zuzendaritza batzordea
Batzar Nagusiak hautatuta, Martin Aramendi (Ataun, 1970) izango da hemendik aurrera UEMAren lehendakari berria, Iraitz Lazkanok utzitako lekukoa hartuta. Aramendirekin batera, hurrengo lau urteotan UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten beste ordezkariak ere hautatu zituzten batzarkideek, azken hauteskundeetako emaitzen arabera alderdiei dagokien ordezkaritza eta lurraldetasuna kontuan hartuta. Alderdiek adostasunez aurkeztu zuten zerrenda, eta aho batez onartu zuen Batzar Nagusiak.

Hauek dira hurrengo lau urteotan UEMAren zuzendaritza batzordea osatuko duten alkateak eta zinegotziak.

· Lehendakaria: Martin Aramendi Arana (Ataungo alkatea. EH Bildu).

· Lehendakariordea: Irune Urbieta Alberdi (Zarauzko zinegotzia. EAJ).

· Dabid Anaut Peña (Leitzako alkatea. EH Bildu).

· Eneko Fernandez Maritxalar (Lesakako zinegotzia. EH Bildu).

· Ainara Ipiñazar Miranda (Igorreko zinegotzia. EAJ).

· Iratxe Lasa Arana (Markina-Xemeingo alkatea. EH Bildu).

· Aitor Larrañaga Larrañaga (Azpeitiko zinegotzia. EH Bildu).

· Asier Mingo Arruabarrena (Hernaniko zinegotzia. EH Bildu).

· Idoia Odriozola Arruti (Etxebarriako zinegotzia. EAJ).

· Irati Urberuaga Aranguena (Aulestiko alkatea. EH Bildu).

· Larraitz Alkorta Aizpurua (Asteasuko zinegotzia. Independentea).

Zu hemen zaude: Albisteak Martin Aramendi izango da UEMAren lehendakaria agintaldi berrian
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.