24Maiatza2024

011.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Belabietako batailaren panel informatiboak jarri ditu Udalak

Belabietako batailaren panel informatiboak jarri ditu Udalak

20230930 BelabietakoPanelak

Amasa-Villabonako Udalak, Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean, III. Gerrate Karlistaren baitan izan zen Belabietako bataila aztertu du azken hiru urteotan. Tolosa, Andoain eta Berastegiko udalak ere bidelagun izan ditu ikerketaren ibilbidean zehar.

Belabietako batailak 150 urte beteko ditu abenduan. Horren harira, Amasa-Villabonako Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordeak aho batez onartu zuen 2021. urtean Aranzadi Zientzia elkarteak egindako proposamena.

Gaur goizean, Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Andoni Zuriarrain, Berastegiko alkatea eta Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkatea, Aranzadi Zientzia elkarteko ikerlaria den Karlos Almorzarekin batera, Amasan jarritako panelaren aurrean elkartu dira, informazio gune horiek publikoki aurkezteko.

Belabietako bataila, herrian izan dugun gertakari historiko garrantzitsuenetarikoa
Herritarren artean oso ezaguna ez bada ere, Amasa-Villabonan izandako gertakari historiko garrantzitsuenetarikoa izan zen Belabietako bataila odoltsua. Tropa Karlista eta Liberalen arteko talka zuzenaren lekuko izan zen Belabieta mendia.

Garai hartan, Lizarraga jeneral Karlistak guztiz blokeatuta zuen Tolosako herria, eta Moriones jeneral Liberalak Tolosako setio Karlista hura apurtzeko helburua zuen. Horrela, kañoi, fusil eta baionetekin armatutako milaka soldaduk Belabietako mendian egin zuten topo, eta ehunka hildako eta zauritu utzi zituen enfrentamendu hark.

Orain arte egindako azterketen eta artxiboetako zenbait dokumenturen arabera, III. Gerra Karlistaren baitan, Gipuzkoan izandako batailarik gogor eta odoltsuenetarikoa izan zen Belabietakoa. Egindako azterketen arabera, guztira, 600 baja inguru izan ziren zauritu eta hildakoen artean.

Aranzadi zientzia elkarteak hiru urteko ikerketa-lana burutu du
XIX. mendean izan ziren Gerrate Karlistek izan zuten garrantzia nabarmentzeko, eta historia ofizialetik kanpo gertatutakoa argitzeko helburuarekin aritu da Aranzadi Zientzia elkarteko Karlos Almorza ikerlari amasarra hiru urtez lanean. Horrela, 1873ko abenduaren 9an Belabietan izandako bataila ikertu du Almorzak Jexux Bidaola eta Jose Luis Iraola lankideekin batera. Aranzadiko Memoria Historikoaren taldeko kide den Joseba Salbadorren laguntza ere jaso dute.

Almorzak eta bere lan-taldeak hiru fasetan banatu dute ikerketa. Lehenengo fasean, 2021 urtean, bataila honen inguruko dokumentazioa jaso zuten, Amasa-Villabona, Andoain, Tolosa, Berastegi, Hernani, Elduaien, Lekunberri, Olaberria eta Leitzako udal artxiboak eta garai hartako prentsa aztertuz. Donostiako Gotzaindegiko, Elizbarrutiko Artxibo Historikoko eta herrietako hildakoen liburuak ere aztertu dituzte, batailan eroritakoen izenak jasoz.

Guztira, 4.000 dokumentutik gora bildu dituzte. Horrela jakin dute Amasan 1873ko abenduaren 9an, 14.000 soldadu inguru aritu zirela borrokan, eta 600 baja inguru izan zirela. Horrekin batera, batailak egun bakar bat iraun bazuen ere, armada Karlista osatzen zuten 3.000 soldadu inguru hiru hilabetez Amasan egon zirela jakin dute.

Bigarren fasean, 2022 urtean, aldiz, Amasa eta Belabietako mendiak miatu eta jasotako dokumentuetan azaltzen diren leku guztiak aztertu dituzte Aranzadiko ikerlariek. Lubakietan lan arkeologikorik egin ez badute ere, lurrazalean aurkitutako materiala jaso dute.

Azkenik, 2023 urtean, burututako azterlan guztia osatu dute. Horrekin batera, Belabietako batailaren ikerketatik ateratako informazioa biltzen duten 4 panel ezberdin osatu dituzte Aranzadiko ikerlariek.

Karlos Almorzak Mikeliartzako familia, Ixarre, Roberto Ruiz eta Manex Arrastoaren parte-hartzea eskertuz amaitu du bere aurkezpena.

Panel informatiboak
Udalak gertaera historiko hau ilunpetik atera eta Belabietan gertatutakoa kaleratu nahi izan du, gertakari latz honen errealitatea hobeto ezagutzeko eta ondoren herritarrei helarazteko.

Helburu horrekin, aste honetan bertan Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariek osatutako informazio-panelak jarri dira Villabonan, Amasan eta Belabietan bertan. Gainera, Tolosan, Andoainen eta Berastegin ere jarri dira. Espazio publikoan ezarri diren panel horietan Belabietako batailari buruzko oinarrizko informazioa zehazten da, edonork ulertzeko moduan.

Abenduarako egitarau berezia prestatzen ari da Udala
Abenduan, Belabietako batailaren 150. urteurrenaren bueltan, gertakari historiko hau ezagutarazteko Udalak hainbat ekintza antolatuko dituela aurreratu du Beatriz Unzue alkateak. Datozen asteetan argitaratuko da egitarau zehatza.

Zu hemen zaude: Albisteak Belabietako batailaren panel informatiboak jarri ditu Udalak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.