01Abendua2023

001.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Udalak "Eman aurpegia" kanpainarekin bat egin du, hondakinen bilketa datuekin kezkatuta

Udalak "Eman aurpegia" kanpainarekin bat egin du, hondakinen bilketa datuekin kezkatuta

20231109Hondakinak

Udalak Tolosaldeko Mankomunitateak martxan jarri duen Eman aurpegia kanpainan parte hartuko du, eta kezka adierazi du azken hilabeteotan Amasa-Villabonako hiri-hondakinen gaikako bilketa datuek izan duten beheranzko joerarekin. Izan ere, azken urteetan lehen aldiz, gure herriko gaikako bilketaren portzentaia %70etik behera kokatu da aurtengo irailean.

Tolosaldeko Mankomunitateak hilero garatzen duen txostenaren arabera, Amasa-Villabonan bildutako hondakin birziklagarrien kopurua murriztuz doa aurreko urteekin alderatuz gero. Hori horrela, Udalak etxeetako hondakinen bereizketa behar bezala egiteko deia egin nahi die herritarrei, honek garrantzi handia baitu ingurumenean eta udalerriaren jasangarritasunean. 2019an Udal Gobernuak Amasa-Villabonako hiri-hondakinen gaikako bilketa, gutxienez %70etik gora mantentzeko konpromisoa hartu zuen eta konpromiso hori irmo mantenduko duela adierazi du.

Hondakin organikoak poltsa konpostagarrietan botatzearen garrantzia
Udalak hondakin bilketa datuetan eragin nabarmena duten hainbat elementu gogorarazi nahi dizkie herritarrei. Alde batetik, hondakin organikoak etxean bildu eta ondoren edukiontzi marroira botatzeko, eta bestetik, derrigorrez poltsa konpostagarriak erabili behar direla azpimarratu nahi du. Izan ere, Mankomunitateak egin dituen azterketen arabera, gero eta herritar gehiago dira organikoa plastikozko poltsa normaletan botatzen dituztenak edukiontzietara, eta horrek kalte izugarria eragiten du biltzen den hondakin organikoaren kalitatean (askotan plastikozko poltsen erruz, organikoaren edukiontzi osoa errefusan bilakatzen da). Poltsa konpostagarri horiek Udalak herritar guztientzat doan eskaintzen ditu udal liburutegiko sarreran dagoen makina banatzailean.

Bolumen handiko hondakinak asteazkenetan soilik
Bestalde, Udalak gogorarazi nahi du debekatuta dagoela hondakinak kalean botata uztea, eta etxeetako bolumen handiko hondakinak (altzariak, koltxoiak...) soilik asteazken arratsaldeetan atera daitezkeela edukiontzien guneetara. Honekin batera Udalak Tolosaldeko Mankomunitateak Tolosan (San Blas auzoan) eta Andoainen (Leizotz industrigunean, Urnietarako bidean) dituen Garbiguneak erabiltzea eskatzen du. Hondakin zehatz batzuk non eta nola bota behar diren zalantza izanez gero, Garbigune hauetako langileek laguntzen dute dena behar bezala sailkatzen.

Ingurumenaren eta herritarren bizi-kalitatearen mesedetan, azken hilabeteotako joera iraultzea espero du Udalak, bestela, hondakinen gaikako bilketa hobetzeko neurri berriak hartu beharko dira.

Eman aurpegia kanpaina Amasa-Villabonan
Udalak azken hilabeteotako joera kezkagarri honi buelta emateko eta aurrerantzean birziklatze-indizeak handitzeko, bat egin du Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen gaikako bilketari bultzada bat emateko abiarazi duen sentsibilizazio kanpaina berriarekin. Eman aurpegia lelopean, mankomunitatea osatzen duten 28 udalerrietako herritarrek gehiago eta hobeto birziklatzea da kanpainaren helburu nagusia.

Kanpaina honen nondik norakoak biltzen dituen eskuorri bat banatuko da etxez etxe aste honetan, eta herriz herri dabilen informazio puntua ere Amasa-Villabonara etorriko da herritarrei informazioa eskaintzeko eta zalantzak argitzeko.

Informazio puntua Amasa-Villabonan:

Azaroak 10, ostirala
Berdura plazan, 14:00-20:00 ordutegian

Azaroak 11, larunbata
Berdura plazan, 09:00-15:00 ordutegian.

Azaroak 14an, asteartea
Erreboteko plazan, 09:00-15:00 ordutegian

Tolosaldeko Mankomunitateak garatu duen sentsibilizazio-kanpaina honen informazio gehiagorako bisitatu www.emanaurpegia.com webgunea.

Zu hemen zaude: Albisteak Udalak "Eman aurpegia" kanpainarekin bat egin du, hondakinen bilketa datuekin kezkatuta
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.