Errebotea Amasa-Villabonan
Euskaldunok jokatu ohi ditugun pilota-joko guztien artetik, ziurrenik Errebote deiturikoa eta Laxoa dira joko-motarik zaharrenak edo zaharrenetakoak, horien jardunak gaur egun Euskal Herriko eskualde eta herri gutxi batzuetara murrizturik dauden arren.
Errebotea berrehun bat urteko antzinatasuna izan dezakeen jokua da eta horren jatorria Europa erdi eta mendebalde osoan barrena garai batean jokatzen zen Jeu de Paume izeneko jokua izan liteke. Hain zuzen, Jeu de Paume horretatik apurka-apurka garatu ziren, besteak beste, gaur egun mundu osoan zabalduriko tenisa eta baita gure txokoan bizirik dirauen Errebotea ere.
Jeu de Paume hori Erdi Aroan arabiarrek Europara ekarritako joku baten moldaera omen zen, areto itxi eta sapaidunetan jokatzen zen eta, funtsean, bi taldeek aurrez aurre jokatzen zuten soka edo sare batek banaturik, batak besteari pilota jaurtiz, bietako batek huts egin arte. Pilotak, gerora egin izan direnak baino arinagoak zirenetan ziurrenik esku huska jokatzen zen. Jeu de Paume hori leku txiki eta aterpedunetan jokatzen zela esan dugu eta lehen areto haien azken lekuetakoa Euskal Herrian Iparraldeko trinketea izango genuke.
Baina joku horretarako leku itxiak eraikitzea ez zen nolanahiko lana, eta jokua Europan barrena zabaldu ahala eguraspeko zelai irekietara zabaldun zen eta, horrekin batera, bigarren bilakaera bat izan zuen: Euskal Herrian zelai edo jokaleku luzeetan jokatzen hasi zen, esku huska, eta horri Bote luzea deitu bide zitzaion. Aurrerago pilota astunxeagoak egiten hasi ziren eta, ondorioz, eskuetan minik ez hartzeko jokalariak laxoa edo eskularrua erabiltzen hasi ziren. Azkenik, latex-a asmatu eta material horretaz pilota askoz biziagoak ekoizten hasi zirenean (1850), eskularruaz gain zumitzezko xixterak erabiltzen hasi ziren eta, gutxi gora-behera, horrelaxe iritsi da egun arte, Errebote izenez ezagutzen duguna.
Europako beste bazter batzuetan, berriz, garapena beste modu batekoa izan zen: Ingalaterran, esaterako, material berriak ekoitzi ahala pilota hustuekin jokatzen hasi eta, bere bilakaeran, tenisa sortu zuten, gerora mundu osora hedatuko zena.
Baina beste aditu batzuen iritziz, Bote Luzea Euskal Herrian ia lehen gizonaren garaitik jokatzen zen jokua litzateke, eta, lehen esan dugun bezala, errebotearen aitzindaria. Beraz eztabaida, sarri gai askorekin gertatzen dena da: bote luzea Euskal Herrian betidanik jokatzen ote zen alaa Jeu de Paume horretatik garatu bide zen, penintsula osora bezala baita Euskal Herrira ere. Edota, aitzitik, Euskal Herritik abiaturik garatu ote zen Europan barrena, beste pilota-joko batzuk sortuz.
ITURRIA: Manuel Larramendi Kultur Bazkuna

Villabona eta Hazparne, 83 urtez Errebotea suspertuz
"Ni ez naiz jaio inoren mende egoteko". Teodoro Hernandorenaren (1898-1994) hitz hauek bere izana eta lana ederki islatzen dituzte. Herritar askorentzat aski ezaguna da bere abertzaletasun eta euskalzaletasuna. Baina Arlo ugari ukitu zituen Hernandorenak; horiek guztietatik zizurkildarraren kuttunena pilota zen. Gehienbat errebotean jarduten zuen eta Berak argitaratu zuen 1932an errebote-jokoaren lehen araudia, euskara errazean, herriko hizkeran eta era didaktikoan. Teodoro Hernandorenarentzat euskaltasunerako bidea finkatzen zuen kirol honek. Buru-belarri jardun zuen errebotea indartzeko lanetan. Saiakera horren eredu da Hazparne eta Villabonaren arteko lehen neurketaren prestaketa, 1930ean.
83 urte pasa dira Hernandorenak Amasa-Villabonan tradizio bihurtu den norgehiagoka hori lehen aldiz antolatu zenetik. Zerikusirik ez, ordea, garai haiek eta oraingoak. "Garai zaharretan pilotalekuak betetzen diren partida egunean eta ikaragarrizko jai-giroa sortzen zen errebotearen inguruan. Beste modalitate asko daude, noski, baina errebotea da pilota-joko zaharrena", azaltzen du Pedro Miguel Alonsok "Pepo", Behar Zana KE Pelota Elkarteko idazkari eta erreboteko jokalari-ohiak –oraindik ere jolasten du, afizionatu gisa–. Errealitate soziala erabat aldatu den arren, Erreboteak bizirik dirau, eta Santio Jaiek bi herrien senidetze horri eutsi diote urtetik urtera. Noski, 2012ko edizioa ez zen gutxiago izango.
Aurtengo jaietanaldaketa garrantzitsu bat emango zen. "Hazparne eta Villabona arteko partida goizean jokatuko zen, baina beste hainbat modalitate izango ziren ikusgai Errebote Plazan. Horiek guztiak arratsaldera pasa ziren; Udalak hala proposatu zuen, jende gehiago erakartzeko xedez", dio Alonsok.
![]() |
Bixente Etxaniz, Behar Zana K.E-ko kide eta errebote jokalari-ohia"13 urte eman nituen Villabonako errebote taldean. Oso oroitzapen onak ditut. Jokoa bera oso interesgarri da, nondik-norakoak ikasi behar dira, nahiko konplexua da zentzu horretan...pentsa, oraindik nik ere ez dut guztiz ikasi! Baina egia esan pena merezi du partida bat ikustea eta jokoa ulertzen saiatzea; behin ezagututa asko disfrutatzen da-eta." |
Joko Zuzenak
Joko zuzenak euskal pilotaren historia, oinarri eta sustrai dira. Euskal Herriko kirol eta kulturaren ondare preziatua. XIX. Mendearen erdialdea paretaren kontra jokatzen hasi zirenean (pleka), garrantzia galtzen joan ziren. Nahiz eta askok bere desagerpena behin eta berriro iragarri duten, bizirik diraute, eta zorionez orokorrean errekuperatzen ari dira.
Gaur egun Joko Zuzenetan 500 pilotari baino gehiago ari dira praktikan, modu ofizial eta arautu batean.
Ezaugarri orokorrak:
- Aurrez aurre ipinitako bi pleotari talde aritzen dira bi zatitan banatuta dagoen eremu batean. Ez da paretarik erabiltzen, haren laguntzaz pilota bueltatzeko ez bada.
- Talde batek besteari botatzen dio pilota (eskuz edo tresnaz), eremua erdibitzen duen marra edo sarea gaindituz, kintzea egin artean.
"ARRAIAK"
- Kintze borrokaz gainera, lekuaren borroka ere badago Joko Zuzenetan (Pasakan ezik).
- Lekuaren borrokaren ondorioa da eremuz aldatu beharra izatea, garrantzitsua gertatzen baita eremu onenean egotea kintze gehiago lortzearren.
- Lekuaren borroka hau arraia edo xixaren bitartez gertatzen da non eta pilota eremu jakin batean gelditu den edo ertzetako marretatik atera den.
- Pilota gelditu edo ertzetatik atera den lekuetan adierazten dira arraiak edo xixak eta egoera berri horren arabera lekuz aldatzen dira taldeak, eta horrela jokatzen da hurrengo kintzea edo kintzeak.
- Lekuaren borroka honek Joko Zuzen ulermena zailtzen du baina era berean bere aberastasunaren oinarria da.
- Paretaren kontrako modalitateek lekuaren borrokaren kultura galdua dute sinpletasunaren mesedetan.