Udalaren Adierazpen Instituzionala, Saharar Errepublikaren urteurrenean
- Post 2021 Otsaila 25

Otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 45. urteurrena izango da. Horren harira, gaur goizean izandako Tokiko Gobernu Batzordean, Udal Gobernuak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala onartu da EH Bilduren eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta PSE alderdiaren abstentzioarekin.
Adierazpen Instituzionalak honako hau dio:
Otsailaren 27a oso data esanguratsua da saharar herriarentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena baita. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da.
Ospakizun garrantzitsu hau dela eta, Sahara Euskadi Mugimenduak herri anai honekiko gure gertutasun eta elkartasun sakona adierazi nahi du. Orain, inoiz baino gehiago, herri honek gure babesa behar du, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerat-eko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean.
Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten ari dira mugak ixtearen ondorioz, Covid-19ren pandemiaren ondorioz, nazioarteko eta nazioko laguntza sartzea zailtzen baitu, desnutrizio- eta anemia-arazo larriak eraginez.
Gainera, sahararrek eta Mendebaldeko Saharako Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileek egunero jasaten duten jazarpena eta giza eskubideen urraketa areagotu egin da Marokoko agintarien aldetik, modu baketsuan agertu direlako eta autodeterminaziorako eta askatasunean bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituztelako, 45 urteko erresistentzia eta borroka baketsuaren ondoren.
Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazten du:
1. Bat egiten duela 2021eko otsailaren 27an Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. Urteurrenaren ospakizunarekin, SEAD saharar herriaren ordezkari zilegi den heinean.
2. Kezka adieraztea saharar herriak bizi duen giza eskubideen urraketa eta injustizia egoerarekin.
3. Saharako bandera udaletxeko balkoian zintzilikatuko duela saharar herriarekiko elkartasun keinu sinboliko gisa.