Atzo ekin zioten COVID-19aren aurkako txertaketari, Villabonako anbulategian
- Post 2021 Martxoa 04

Emozioz beteriko eguna izan zen atzokoa Villabonako osasun etxean. Ia urtebete elkar ikusi gabe eman eta gero, txertoa hartzera gerturatutakoan lagun askorekin egin baitzuten topo bailarako helduenek.
Atzo hasi ziren Villabonako anbulategian 90 eta 99 urteko aiton-amonak txertatzen, eta bihar arte luzatuko da adin tarte horren lehenengo dosia. Bigarren dosia, berriz, aste gutxi barru jarriko zaie osasun etxean bertan, oraingoz ez baitute etxeetan jartzeko aukerarik.
Aipagarria da 90 eta 99 urte bitarteko 110 bat lagun daudela gure osasun eremuan (Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Irura eta Anoeta).
Bestetik, datozen egunetan txerto gehiago jaso ahala, 80 eta 89 urte artekoekin jarriko dira harremanetan hitzorduak emateko. Adin tarte horretan, 600 pertsona daude bailaran.