Ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko UEMAren Bertatik Bertara egitasmoarekin bat egin du Udalak
- Post 2022 Ekaina 22

Amasa-Villabonako Udalak bat egin du aurten ere UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) bultzatutako Bertatik Bertara egitasmoarekin. Euskal Herriko hainbat herritan bideratuko den kanpaina honen bitartez ostalariak, tabernariak eta bezeroak euskara gehiago erabiltzera animatu nahi dira.
Horretarako, UEMAk mahai gaineko manteltxoak prestatu ditu eta bertan 6 hizkuntzatan agertzen dira ostalaritzan sarri erabiltzen diren hitz eta esamolde batzuk. Gainera, QR bidez hiztegitxo bat deskargatzeko aukera eskaintzen du.
Oinarrizko hiztegia bisitarientzat.
Horretaz aparte, informazio-orri bat ere banatuko da ekimen honetan parte hartzeko prest agertu diren herriko ostalarien artean, bezeroak ikusteko moduko tokiren baten jarri dezaten.
Eta ostalariei bidali zaien gutunean zerbitzua eskaintzerakoan ahoz ere euskararen erabilera bultzatzeko gonbita egiten zaie eta, bide batez, euren lokaletako hizkuntza paisaian (karteletan, menuetan, oharretan, web orrietan…) euskara gehiago erabiltzeko laguntza ere eskaintzen zaie; UEMAra bertara deituta (943 81 66 99) edo Amasa-Villabonako Udaleko Euskara Zerbitzura (943 69 21 00 – Luzp: 3329).
Informazio gehiago: www.uema.eus