Inbertsio berriak egiteko kreditu aldaketa garrantzitsuak onartu ditu udalbatzak
- Post 2022 Ekaina 29

Pasa den asteartean izandako udalbatzaren osoko bilkuran, bi kreditu aldaketa garrantzitsu onartu ziren. Kreditu aldaketa hauekin besteak beste udal gobernuak aurten aurrera eraman nahi dituen hainbat inbertsio finantzatuko dira. Kreditu aldaketa hauek EH Bildu eta PSEk babestu zituzten eta EAJ-PNV alderdiak ordea kontra bozkatzea erabaki zuen.
2022/9 Kreditu aldaketa
Kreditu aldaketa honekin besteak beste, honako inbertsioak finantzatuko dira: Ur parkea Erreboteko plazan (+17.000 euro), Olaederra kiroldegiko kantxaren lurzorua eraberritzea (+55.000 euro), hiru komun publiko jartzea Villabonako kaleetan (+55.200 euro), Kalistenia parkea egitea Otsabiko parkean (+20.000 euro), Otsabiko Pump Track pistaren eraberritzea eta asfaltatzea (+40.000 euro), espaloien konponketak eta asfaltatze lanak (+35.000 euro). Kreditu aldaketa hau bere osotasunean udalaren diruzaintza gerakinetik finantzatuko da, gerakin horretatik guztira 472.271, 29 euro erabiliko direlarik.
2022/10 Kreditu aldaketa
Kreditu aldaketa honen helburua, 2022ko Santio jaietara bideratuko den aurrekontua eta Zunbeltz elkarteari bideratzen zaion dirulaguntza handitzea da. Santio jaiei dagokionez, gehinenbat azken hilabeteetako inflazioak eragindako ezusteko gastuen igoerari aurre egingo zaio, guztira 36.400 euro gehituz jaien lehen aurrekontuari. Bestalde, Zunbeltz elkarteak bere gain hartu ditu urtean zehar egiten diren hainbat ekimenen antolaketa: udako solstizio gaueko emanaldia, urriaren 31ko Gau-Beltza, gabonetako Olentzaroaren bidea, jaietako Rocio-aren konpartsa... Ekimen hauek ez zeuden udalak Zunbeltz elkartearekin sinatzen duen urteko ohiko hitzarmenean jasota eta ekitaldi berri hauen antolaketak suposatzen duen gastuari aurre egin ahal izateko, hitzarmen horri 5.500 euroko diru gehikuntza egingo zaio kreditu aldaketa honen bidez.