Oharra, 2022ko memoriaren eguna dela eta
- Post 2022 Azaroa 10

Gaur, azaroak 10, memoriaren eguna ospatzen da. 2016. urtetik Udaleko Memoria eta Bizikidetza Batzordea lanean ari da, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien parte hartzearekin: EH BILDU, EAJ-PNV eta PSE-EE.
Aurten, batzordea hainbat ekimen antolatzen ari da Amasa-Villabonako herritarrei zuzenduak:
- Urriaren 26an Aranzadi Zientzia Elkartearen hitzaldia egin zen. Bertan, azken bi urteetan burututako ikerketaren berri eman zen: Amasa-Villabonako oroimen historikoa (1936-1975) eta gertukoa (1960. urtetik gaur egunera arte). Horrela, Amasa-Villabonan gertatutakoaren ezaguera orokorra eskuratu dugu, egondako indarkeria eta eragindako biktima eta hauen sufrimendua ezagutu ditugu. Parekatu gabe, baina batez ere, inor ahaztu gabe. Dagoeneko argitaratuta daude ikerketaren emaitzak www.amasa-villabona-oroimen.eus webgunean.
- Urriaren 26an bertan, hitzaldiaren amaierak bide eman zion Lasarte-Oriako Herritar Foroak antolatutako “Bizikidetzarako memoria para convivir” erakusketaren inaugurazioari. Foroko bi kide bertaratu ziren euren ibilbidearen eta erakusketaren nondik norakoen berri emateko.
- Azaroak 7: Erniobea ikastetxeko eta Zubimusu ikastolako DBH4-ko ikasleekin batera, Ander Gillenearen eskutik, “Gure historiako pasarteak (1990-2018)” argazki emanaldia burutu zen Gurea zinema aretoan. Ikasleak, azken hiru hamarkadetan bizi izandakoaren lekuko bihurtu ahal izan ziren une batez.
- Azaroaren 10ean: Gaur arratsaldean erakusketari amaiera emango zaio. Lasarte Oriako Herritar Foroak antolatutako lanak harrera ona izan du herrian eta bisitari ugari izan ditu.
- Azaroak 21: “Glencree 10 urte: Mendi handi baten igoera” solasaldia burutuko da, Edurne Brouard Aldamiz eta Fernando Garrido Velascoren eskutik. Bertan, bi biktimek kontatuko digute nolako izan zen beren parte-hartzea Glencree Ekimenean. Arratsaldeko 19:00, Subijana Etxean.
Amaitzeko, Udalak bere esker ona adierazi nahi die ekitaldietan partaide izandako herritarrei eta, oro har, elkarren arteko bizikidetza eraikitzailea sustatzen ari diren pertsona guztiei. Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza Batzordeak bakearen eta bizikidetzaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, giza eskubideak bere osotasunean bermatzeko, haien ezagutza, defentsa eta urraketa-egoeren aurrean, salaketa sustatuz. Honela gizarte justuago bat eraikitzen lagunduko duela sinistuta gaude.