Amasa-Villabonako Udalak, EAEko Auzitegi Nagusiaren euskararen aurkako azken ebazpena gaitzesten du
- Post 2023 Urtarrila 03

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren (Bizkaia) aurka egin du, eta azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurkako ebazpena onartu du. Zehazki, erabaki du euskara ezin dela langileentzako betekizun gisa ezarri udalerri horretako kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan. Ebazpenaren arabera, ezin zaizkie eskakizun berak «inposatu» langile publikoei eta enpresa pribatu bati.
Barakaldoko Udalak 2021ean egin zuen lehiaketa publiko hori eta baldintza gisa ezarri zuen langile guztiek gutxieneko euskara maila bat egiaztatzea, edo bi urteko epean maila hori izateko ikasketak gauzatzea. Teknikarientzat, hirugarren euskara eskakizuna (C1) eskatu zuen udalak; administrazio langileentzat eta mantentze lanez arduratzen direnentzat, berriz, bigarrena (B2).
CCOO sindikatuak lehiaketaren aurka egin zuen. Sindikatuaren iritziz, hizkuntza eskakizunik ez egoteak ez zuen galarazi aurrez egoki lan egitea, langileetako batzuek badakitelako euskaraz. Era berean, sindikatu espainiarrak adierazi du "erabiltzaileen errealitate linguistikoa" aztertu beharko litzatekeela halako erabaki bat hartu baino lehen.
Epaimahaiak bat egin du sindikatuarekin, eta udalari adierazi dio ez duela eman hizkuntza eskakizunen inguruko argudiorik; besteak beste, azaldu du langile horietako batzuek ez dutela harreman zuzenik herritarrekin eta ez dela kontuan hartu eskaerak langileengan izango lukeen eragina.
Amasa-Villabonako Udalak gogor gaitzesi du ebazpena, hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren kontra egiten duelako
Amasa-Villabonako Udal Gobernu Taldeak bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak, UEMAk eta euskararen aldeko hainbat elkarte eta entitatek, epai honen aurka egin duten irakurketarekin. Ebazpen hau bereziki larria dela ondorioztatzen du Udalak, zehazki, azpikontratatutako zerbitzuetan gutxieneko euskara maila eskatzearen aurka agertu direlako epaileak. Alegia, epaile hauek erabaki dute euskara ezin dela langileentzako betekizun gisa ezarri udalerri horretako kultur zerbitzuez arduratzeko enpresa bat kontratatzeko lehiaketan.
Beste behin ere, udalek hizkuntza politikan hartutako erabakien aurkako eraso baten aurrean gaude. Urte berria heldu den arren, urte asko atzera itzularazi nahi gaituena. Amasa-Villabonako udalaren iritziz, epai hau ez da euskararen aurkakoa soilik, askoz harago doa, EAEko toki erakundeei dagokien 2016ko Udal Legea urratzen baitu zuzen zuzenean. Lege hark udalei hizkuntza politikan erabakiak hartzeko eskumenak ematen zizkien, eta legea garatzeko 2019ko dekretuak oso argi uzten zituen euskara lehenesteko bideak. Badirudi, ordea, epaileek lege berrien gainetik pasatu nahi dutela. Askotan aipatzen dugu lege babesa behar duela euskarak, euskararen lurralde osoan. Bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Udal Legeak argi zehaztu zituen udalen eskumenak hizkuntza politikan, eta 2019ko dekretuak ere euskara lehenesteko beharra zehaztu zien udalei.
Bereziki aipagarri eta mingarria da, oraingoan ere CCOO sindikatua izatea salaketa jarri duena. Langile erdaldunen ustezko lan-eskubide indibidualak, herritarrek administrazio publikoaren zerbitzuak euskaraz jasotzeko duten eskubidearen gainetik ipiniz, euskara zuzenean erasotzen ari dira. Euskaldunon hizkuntza eskubideak ez al dira existitzen CCOOrentzat? Sindikatu espainiarren (batez ere UGT eta CCOOren) jokabide euskarafobiko horiek, guztiz onartezinak dira.
Zoritxarrez horrelako erasoak ez dira berriak. Oraingoan Barakaldoko Udalaren aurkakoa da epaia, baina beste hainbat udalek ere ederki ezagutzen dute askotan epaitegietatik ezarri nahi izan den hizkuntza politika, legeak eskubideen gainetik bihurrituz eta erakunde publikoen euskararen aldeko arduna mugatuz. Horren aurrean, zalantzarik gabe, euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidearen alde lanean jarraituko dugu.