Azken hilabeteetan udalak beste 1.500 kg hondakin jaso ditu herriko eremu naturaletan
- Post 2023 Otsaila 10

2021. urteko apirilaz geroztik, Udalak hilero-hilero herriko ibai, erreka eta natur guneak garbitzen ditu. Urtzain taldearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, hilean astebetez, gure udalerriko eremu naturaletan pilatutako hondakinak bildu eta sailkatzen dira, ondoren birziklatu ahal izateko.
Horrela, hartutako konpromisoari eutsiz, azken lau hilabeteotan guztira beste 1.495kg hondakin erretiratu dira Amasa-Villabonako bazterretatik; urrian 276,73 kg, azaroan 518,42 kg, abenduan 221,36 kg eta aurtengo urtarrilean 478,49 kg, hain zuzen ere.
Esan bezala, Urtzain taldea Oria ibaia eta hainbat mendi bazter garbitzen aritu da azken hilabeteotan. Oria ibaiari dagokionean, Antzibarko presa inguruak (Argaraitz indutrialdean), eta Ubilluts aldean Ubegungo zonaldea txukundu dira. Gainera, Sacemetik Zizurkilgo mugarainoko ezkerraldeko ertza, Irurako mugatik Aizpuruko zubirainoko eremua, eta harrizko zubitik Agaraitzerainoko eskubialdeko ertza ere garbitu dira. Bestetik, mendialdean atzemandako legez kanpoko bi hondakin pilaketa erretiratu dira: Guardetxera doan bidean A15 errepideko zubia pasa eta eskuineko aldean lehenengoa, eta Komizarko parkeko eremuan zegoena ondoren (Komizar ondoko basoan).
Aipagarria da mota guztietako kale hondakinak identifikatu eta jaso direla, besteak beste, 260 metalezko lata, kamioi eta auto gurpilak, telebista bat, 40 zabor poltsa, koltxoiak etab. Bildutako material guztia zegokion edukiontzietan sailkatu ondoren, Tolosaldeko mankomunitateak dituen bi Garbiguneetara eraman dira, bertan hondakin mota bakoitzak dagokion tratamendua izan dezan.
Udalak ingurumenarekiko gutxieneko errespetua izatea eta mendi, erreka edo ibai bazterretan hondakinik ez botatzea exijitzen die herritar guztiei. Bada garaia gure ingurune naturalak kutsatzen dituzten jokabide penagarriekin amaitzeko. Izan gaitezen zentzudunak, eta mantendu ditzagun eremu natural guztiak garbi eta txukun, guztion hobe beharrerako.