Zinema eta osasuna jardunaldiak antolatu ditu Udalak, adimen-desgaitasunari buruzko mitoak eta aurreiritziak desmuntatzeko
- Post 2023 Martxoa 27

Martxoaren 21ean izan zen Down Sindromearen Munduko Eguna, eta apirilaren 4an izango da Autismoaren Kontzientziazioaren Munduko Eguna. Bi egun hauen harira Udaleko Gizarte Zerbitzuetako sailak Zinema eta osasuna izeneko zine jardunaldiak antolatu ditu martxoaren 29 eta apirilaren 4rako. Villabonako Gurea antzokian izango dira doako bi emanaldiak, arratsaldeko 19:00etan.
¿Qué tienes debajo del sombrero?, martxoaren 29an
Martxoaren 29an ¿Qué tienes debajo del sombrero? pelikulak emango dio hasiera zinema jardunaldiari. Film honek Judith Scott 62 urteko eskultore iparramerikarraren bizitza kontatzen du. Psikiatriko batean 36 urtez bizi ondoren, nazioarteko errokonozimendua jaso du Scottek. Down sindromea du eta gorra da. Istorioa, Joycek kontatuko du, Judithen ahizpa bikiak eta ezgaitasunik gabea. Kaliforniako Creative Growth Art Centerrera bidaiatzen du eta artearen bidez adierazi nahi duten beste pertsonaia batzuk deskubrituko ditu pelikulan.
Siempre contigo, apirilaren 4an
Zinema eta osasuna jardunaldien bigarren proiekzio zinematografikoa da Siempre contigo filma. Aharonek bizitza osoa eman du Uri semea hazten. Elkarrekin bizi dira errutina atsegin batean, mundu errealetik urrun. Baina Uri autista da eta dagoeneko nahikoa heldua, autismoan espezializatutako etxe batera joateko moduan dago. Erakundera bidean, Aharonek semearekin ihes egitea erabakitzen du eta errepidean gora abiatuko dira, Uri banatzeko prest ez dagoela jakinda. Baina agian aita da prest ez dagoena.
Bi pelikula hauekin, Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak, adimen-desgaitasunari buruzko mitoak eta aurreiritziak desmuntatu nahi ditu, eta gutxi ezagutzen dugun eta bidegabeki epaitzen eta baztertzen dugun kolektibo honi ikusgarritasuna eman.