Amasa-Villabonak Bizipoza jaia hartuko du
- Post 2023 Martxoa 29

Ekainaren 17 eta 18an Amasa-Villabona izango da Bizipoza Jaiaren eszenatokia. Bi ekitaldi nagusi izango ditu aurtengo jaialdiak: Batetik, ekainaren 17an, larunbata, Oinkari dantza taldeak bi emanaldi eskainiko ditu, Bizipoza elkarteko 20 abestirentzat prestatutako koreografiekin. Bestetik, ekainaren 18an, igandea, festa nagusia izango da. Jaialdiaren antolatzaileek pailazoak, musika emanaldiak, etb. egongo direla aurreratu badute ere, datozen asteetan argitaratuko dute egun handiko egitarau zehatza.
Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmo bat da. Guztira, 36 elkarte, 22 bazkide, 16 babesle eta 120 boluntario barnebiltzen ditu elkarteak.
Udalarentzat ohore handia da Amasa-Villabona elkartasunaren topaleku izatea, eta bailarako nahiz inguruko herritarrak gonbidatu nahi ditu ekainaren 17 eta 18an ospatuko den festa honetan parte hartzera.