03Urria2023

009.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

LGTBI+ kolektiboko pertsonei bizi baldintza duinak bermatzeko plana aurkeztu du Udalak

20220623Eihera

Amasa-Villabonako LGTBI+ harrotasunaren astearen baitan, Amasa-Villabonako Udalak, Eihera Kooperatibarekin elkarlanean, LGTBI+ kolektiboaren bizitzak duintzeko plana aurkeztu zuen atzo arratsaldean Aljibean. Bertan izan ziren Beatriz Unzue alkatea, eta Eihera Kooperatibako ordezkariak diren Laura Muelas eta Iñigo Etxezarreta. Zigor Dz eta Oier Labordek amaiera musikala eman zioten aurkezpen saioari. Ondoren, bertso-poteoan ibili ziren bertaratutakoak, Amaia Agirre eta Maider Arregi bertsolariekin batera.

Udalak 2022an abiatu zuen plan berezi honen lanketa. Orain, azterlan horretatik lortutako informazioarekin gizarte inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzeko irtenbide berritzaileak ditu eskuartean.

Beatriz Unzue alkateak egitasmo honekin udalak dituen helburuak azaldu zituen: "oso argi dugu historikoki bazterkeria, jazarpena eta mota ezberdinetako indarkeria pairatu duten eta pairatzen jarraitzen duten LGTBI+ pertsona guztien eskubide berdintasuna, erabateko onarpen soziala, askatasuna eta errespetua bermatzeko, neurri eta politika aktiboak martxan jartzea ezinbestekoa dela, benetan herri inklusibo eta parekidea izan nahi badugu (...) Konbentzituta gaude gaur aurkezten ditugun neurriak martxan jartzeak norabide horretan aurrera egiteko balioko digutela. Esan dezakegu bideorri edo ipar orratz bat dugula esku artean eta gaurtik aurrera bideari ekiteko moduan gaude".

Jarraian, Eihera Kooperatibako kideek azken hilabeteetan Amasa-Villabonan garatutako prozesua azaldu zuten:

Herriko LGTBI+ komunitateari egindako elkarrizketak
Proiektua Amasa-Villabonako LGTBI+ komunitateko kideei hainbat elkarrizketa eginez eta herriko mugimendu feministarekin lankidetza estuan burutu da. Honek LGTBI+ pertsonek egunerokoan dituzten oztopoak eta gure gizarteak dituen hutsuneak identifikatzeko, eta ondoren horiei erantzuteko eta aldaketa sozial positiboa sustatzeko ikuspegi erreal bat garatzen lagundu du. Udaleko teknikariekin ere saioak egin dira, udal-zerbitzu guztietan LGTBI+ kolektiboari buruzko sentsibilizazioa txertatzen hasteko.

Herrian ditugun korapiloak
Neurriak eta politikak diseinatzerakoan, funtsezkoa da tokiko errealitatea kontuan hartzea, izan ere, komunitate bakoitzak bere ezaugarri, behar eta erronka bereziak ditu. Amasa-Villabonan burututako landa-lanarekin herriko egoeraren erradiografia zehatza lortu da. Horrela, jakin da gure herriko LGTBI+ kolektiboko pertsonen artean badirela askatu beharreko hainbat korapilo; Armairutik ateratzeko baldintzak, Gorputz adierazpena eta estetika homogeneoak; Maskulinitatea eta zenbait gizonen jarrerak; Aisia eta gaua; Kirola; Behartutako migrazioa (Sexilioa); Hiria eta herriaren arteko desberdintasunak; Norberarekiko zama, muga presio eta zigorrak; LGTBI+ zahartzaroa. Elkarrizketatuek planteatutako iruzkinen eta kezken konbinazioak, Eihera Kooperatibak identifikatutako aurkikuntzekin batera, estrategia eraginkorrak garatzeko oinarri sendoa emango du.

Zer behar dago Amasa-Villabonan?
Amasa-Villabonako LGTBI+ kolektiboko pertsonekin eta mugimendu feminista bezalako funtsezko gizarte-eragileekin egindako elkarrizketei esker, herrian dauden beharrak identifikatzea eta aztertzea lortu da, eta honakoak nabarmentzen dira: Informazio, ezagutza eta baliabideak; Ikusgarritasuna, errefentzialtasun eta memoria; Indarkeriarik gabeko bizitzak; Espazio publikoa, aisialdia eta plazera; Sarea, zaintza eta komunitatea; Kolektiboa eta instituzioen arteko interlokuzioa; Erakundeen barruko eraldaketa.

Informazio hau funtsezkoa da Amasa-Villabonako LGTBI+ pertsonen errealitateak eta esperientziak ulertzeko, eta herritar hauen beharrei modu eraginkorrean helduko dieten politikak eta neurriak garatu ahal izateko.

43 neurri, LGTBI+ kolektiboari bizitza duina bermatzeko
Herrian bertan identifikatutako behar guztiei horiei erantzun bat emateko, 43 neurrirekin borobildu du plana Eihera Kooperatibak, eta 11 multzotan banatu ditu;

• Eskolan LGTBI+ eta lanketa feminista integrala garatu.
• Berdintasun eta LGTBI+ mahaia/batzordea abiarazi
• Aholkularitza, atentzioa eta akonpainamendu zerbitzuak.
• LGTBI+ kultureskaintza programatu eta egitarauean txertatu.
• LGTBI+ memoria berreskuratzeko ekimenak abianjarri.
• Maskulinitateak dakarren idarkeriaz kontzientzia hartu eta jarrera batzuk eraldatzeko lanketa sakon eta integrala diseinatu
• LGTBI+ erreferentziazko espazio fisiko zein birtuala sortu.
• LGTBI+ erasoen kontrako protokoloa sortu eta txertatu.
• Espazio publikoko komunen eta aldagelen banaketa bitarraren hausnarketa
• Armairutik ateratzeko beldurra eta tabuarekin hausteko kanpaina/egitasmo publikoa abiatu
• Azpikontratatutako enpresek berdintasun eta LGTBI+ ikuspegia txertatua izatea.

Sentsibilizazio eta hezkuntza-programak sortzeko oinarri sendoa
Hemendik aurrera, eta lortutako emaitzei esker, Amasa-Villabonako Udalak politika publiko inklusiboak ezartzeko eta, oro har, herritarrei zuzendutako sentsibilizazio- eta hezkuntza-programak sortzeko oinarri sendoa izango du .

Udal honek pertsona guztiekiko erabateko errespetuaren, ulermenaren eta onarpenaren kultura sustatzeko konpromisoari eusten dio, non herritar guztiak bizitzeko, maitatzeko eta beren burua adierazteko erabat aske sentituko diren, orientazio sexuala edo genero-identitatea edozein delarik ere.

Planaren ideia nagusiak barnebiltzen dituen eskuorria

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.