24Maiatza2024

006.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

UEMAko udaletako 125 alkate eta hautetsik Auzitegi Konstituzionalaren epaia salatu dute, eta adierazi dute euskaraz jarraituko dutela lanean

20230707 Uema

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzi ondoren, UEMAko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 124 alkate eta hautetsi inguru bildu dira, hainbat kolore politikotakoak. Xabat Laborde, Amasa-Villabonako alkateordea ere bertan izan da. Hitzordua gaur, ostirala, Usurbilen izan da, Auzitegi Konstituzionalaren erabaki hori salatzeko, udalek euskaraz jarduteko duten eskumena defendatzeko eta lege babesarekin edo gabe euskaraz lan egiten jarraituko dutela berresteko.

Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko lehendakariak zein gaur Usurbilen bildutako udal ordezkariek adierazi dute “nahikoa” dela eta “marra gorri guztiak” gainditu direla. Lazkanok gogorarazi duenez, Toki Erakundeen Legearen arabera udalek aukera dute dokumentuak erabat euskaraz egiteko, eta orain aukera hori baliogabetu da. UEMAko jarduneko lehendakariaren arabera, epai honekin, udalei “eskumena kendu zaie” beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta “muga argi” bat ezarri: “Administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilik erabil daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak”.

Euskaraz jarraituko dute
Aurrera begira, Lazkanok esan du orain arte bezala jarraituko dutela lanean UEMAko udalek: “Guk horrelaxe jarraituko dugu, euskaraz funtzionatzen; horretarako bide luzea egin dugulako eta gure konpromisoa eta nahia delako”. Horrez gain, nabarmendu du UEMAko udalek ez dituztela herritarren hizkuntz eskubideak urratzen: “Administrazioan askotan ez bezala, UEMAko udaletan, hizkuntz eskubideak bermatzen dira”. Baliogabetutako artikulua jasotzen duen legea Eusko Legebiltzarrak onartu zuen 2016an, gehiengo zabalarekin, 1982ko Euskararen Legeak berak baino adostasun zabalagoarekin.

Eraso hau ez da ezerezetik sortu. Lazkanok gogorarazi du ultraeskuina dagoela honen oinarrian: “VOXen salaketa bat. Duela bi urte, VOXek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza-jarduna arautzeko 2019ko dekretuaren kontra. Alegia, dekretua onartu eta bi urtera, eta EAEn batere zinegotzirik eduki gabe”. Bigarren urratsa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak egin zuen, Lazkanok gogorarazi duenez. Epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, eta Madrilera bidali zuten kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera. Eta hirugarren pausoa auzitegi horrek eman du: 6.2 artikulua baliogabetu du.

Lazkanoren arabera, hau ez da berria UEMAko udalentzat, gogoan dutelako duela urte batzuk zer-nolako arazoak izan ziren gai honekin lotuta: “Aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak… Epaitegien ezpatapean egin genituen urteak”. Horrez gain, gehitu du azkenaldian “kutsu bereko” epai bat baino gehiago jaso dituztela.

Horregatik guztiagatik, gaur Usurbilen bildutako ordezkaritza zabalak irmo aldarrikatu du euskarak “estatus juridiko berria” behar duela. Horregatik, azaroaren 4an UEMA ere izango da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestan. “Euskarak arnasa behar du. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak”.

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.