Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 2022 urteko memoria aurkeztu du
- Post 2023 Uztaila 19

Amasa-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 2022. urteko jardueren memoria aurkeztu du. Memoria honek Udal Gizarte Zerbitzuek Amasa-Villabonako herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatzeko eta gutxieneko ongizatea eta bizi-kalitatea izateko egiten duen lan guztiaren laburpena jasotzen du.
Azken urteotan, Udalak Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko konpromiso argia erakutsi du, besteak beste sailaren aurrekontua %35etik gora igoz, eta horrek komunitateari eskaintzen dizkion zerbitzuak hobetzea ahalbidetu du. Udalak pobrezia eta gizarte-bazterketa gure herritik desagerrarazteko helburu argia du eta horretarako, herritar guztien bizitza duina ziurtatzeko baliabideak eskaintzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.
Hauek dira Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailak 2022. urteko memoriaren datu garrantzitsuenetariko batzuk:
• 2022an Gizarte Zerbitzuen sailak inbertitu (exekutatu) duen aurrekontu osoa: 662.099,99euro
• Emandako aurrez aurreko hitzordu kopurua: 1545
• Gizarte Larrialdietarako laguntzak jaso dituzten pertsonak: 108
• Elikagai bankuaren programan artatu diren pertsonak: 75
• Familia inguruneko zaintzetarako zein profesionalak ez diren zaintzaileei laguntzeko prestazio ekonomikoa jaso duten pertsonak: 67
• Ur hornidura eta zabor bilketa tasak ordaintzeko dirulaguntza jaso duten pertsonak: 57
• Telelaguntza zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 105
• Etxez etxeko zerbitzuaren bitartez artatu diren pertsonak: 25
• Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa jaso duten pertsonak: 33
• Kotizatu Gabeko pentsioa jaso duten pertsonak: 24
• Desgaitasun balorazioa egiteko eskaera egin duten pertsonak: 45
• Desgaitasun balorazioa berritzeko eskaera egin duten pertsonak: 18
• Babes-produktuak jasotzeko eskaera egin duten pertsonak: 29
• Arreta goiztiarra programan artatutako adingabeak: 5
• Ibilgailua aparkatzeko txartelerako eskaera egin duten pertsonak: 9
• Ibilgailua aparkatzeko txartela berritzeko eskaera egin duten pertsonak: 24
• Sendian programaren baitan artatutako pertsonak: 2
• Egoitzan sartzeko eskaera egin duten pertsonak: 10
• Esku-hartze programan artatutako haurrak eta nerabeak: 10
• Esku-hartze programan artatutako pertsonak: 2
• Udal laguntza ekonomikoak jaso dituzten pertsonak: 3
• Udal jarraipenaren bidez artatutako adingabeak: 11
• Arreta psikologikoko programaren bitartez artatu diren pertsonak: 11
• Laguntza juridikoaren programaren bitartez artatu diren pertsonak: 2
• Harrera zentroan artatutako pertsonak: 3
• Gizarte larrialdien koordinazio zerbitzuen bidez artatutako pertsonak: 6
• Aukerak Suspertzen programan artatu diren adingabeak: 14
• Guretzako programaren baita egin diren saioak: 9
Genero berdintasunaren aldeko konpromiso sendoa
Amasa-Villabonan genero-berdintasuna lortzeko egin diren aurrerapen garrantzitsuen lekuko izan da 2022. urtea. Politika feminista aktiboak garatzeko urratsa eman da eta zentzu horretan herriko mugimendu feministarekin izandako elkarlana funtsezko elementua izan da. Hainbat ekimen garatu ziren 2022. urtean zehar, besteak beste, emakume zientzialarien eguneko ekintzak, sentsibilizaziorako doako film emanaldiak, hitzaldiak eta jaien testuinguruan indarkeria matxistari aurre egiteko lehen herri-protokoloa.
Nazioarteko elkartasuna
Era berean, bertako zein nazioarte mailako elkartasuna sustatzeko ahalegin bereziak egin ditu Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak. Horrela, nazioarteko elkartasunari dagokionean, azpimarragarria da Euskal Fondoa erakundeari edota Tolosaldea Sahararekin elkarteari egindako ekarpen ekonomikoak. Euskal Fondoarekin lankidetzan, Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan gasa edukitzeko eta El Salvadorreko milaka herritarrentzako ur hornidura eta saneamendua ezartzeko proiektuak finantzatu dira Amasa-Villabonako udaletik.
Amasa-Villabona bidezkoago eta inklusiboago baten alde
Udaleko Gizarte Zerbitzuen 2022. urteko memoriak herritarren ongizatearen eta berdintasunaren alde egindako ekintza eta lorpen guztien ikuspegi zehatzagoa eskaintzen du. Ahalegin horiekin herritarren bizi-kalitatea hobetzen jarraitzea espero du Udalak, eta Amasa-Villabonan gizarte justu eta inklusiboa sustatzeko erreferente gisa sendotzea.