24Otsaila2024

010.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

"Euskaltzale independentiston Topaketak" egingo ditu Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Amasa-Villabonan

topaketak ehe1

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteko hainbat kidek eta antolaketan laguntzen ari diren Amasa-Villabonako herritar batzuk agerraldia egin dute gaur eguerdian Villabonako Erreboteko plazan eta bertaratu diten komunikabideen aurrean Ihintza Gurrutxaga eta Luken Etxabe bozeramaileek "Euskaltzale Independentiston topaketak" egitasmoaren berri eman dute.

Honakoa da EHEk gaur plazaratu duen oharra: 

Urriaren 7an eta 8an euskaltzale independentistok bat egingo dugu Villabonan

Datorren urriaren 7an eta 8an, estreinakoz, Euskal Herrian Euskarazek antolatuta Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo ditugu Billabonan. Bi egun horietan zehar, euskara eta independentzia ardatz hartuta, hainbat gairen inguruan hausnartuko dugu elkarrekin.

Topaketok egitearen ideiaren jatorria, pandemia garaian, EHEren baitan egindako Astindu prozesuan dago. Barne-prozesu horren bidez, EHEk bere oinarri ideologikoa, antolakuntza eredua eta etorkizuneko lan-ildoak berrikusi zituen, besteak beste. Hala, lehenengo aldiz, esplizituki, eragile indepedentista modura aitortu du bere burua EHEk. Txillardegik zioen bezala guk ere argi ikusten baitugu, “estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”.

Espainiar eta frantziar estatuen menpe ez dugu egun bizi dugun diglosia egoera hau gaindituko eta beraz, Euskararen Errepublikaren aldeko apustu sendoa egiten dugu. Hain justu, Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean, euskaltzaleok eta independentistok indarrak bateratzeak eta norabide berean arraun egiteak duen garrantziaz ohartuta erabaki dugu topaketok egitea. Atzera begira eta defentsiban nahi gaituzten honetan, euskaltzaleok aurrera begira eta herri eraikuntzarako perspektiban kokatzeko ekarpena egin nahi dugu.

Hiru helburu nagusirekin antolatu ditugu Euskaltzale Independentiston Topaketak: batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen hausnartzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepubikaren norabidean kokatzeko; eta azkenik, euskaltzale independentiston komunitatea saretzea eta indartzea. Helburu horietara bideratuta, beraz, egitarau zabala prestatu dugu. Mahainguru nagusia, hainbat gairen inguruko tailerrak, kontzertuak, otorduak, mural-margoketa… Denetik izanen dugu. Zehazki, ondokoa da prestatutako programazioa:

Urriak 7, larunbata
10:00etan hasita, Gurea Antzokian, Topaketen aurkezpen ekitaldi laburra eta “Euskararen errepublika eraikiz” mahai-inguru nagusia izango da. Bertan, bost hizlarik parte hartuko dute: Amets Arangurenek, Amets Arzallusek, Eneko Bidegainek, Estitxu Garaik eta Lorea Agirrek. Aurkezle lanetan, berriz, Ekhiñe Atorrasagasti arituko da. Hizlari bakoitza bere esperientziatik eta eremutik arituko da hiru galdera nagusiren bueltan: “Euskararen errepublika zergatik, nola eta nolakoa”.
12:45ean, Ama Lurra plazan, ekitaldi politikoa izango da.
Ondoren, azaroaren 4an, euskararen erasoen aurka Bilbon egingo den manifestaziorako atxikimendu argazkia aterako dugu.
Jarraian, joaldunak kalez kale.
13:30ean, bazkaria.
Arratsaldean, gaurkotasuneko eta interesa sor dezaketen gaien bueltan, sei tailer egingo dira. Hiru tailerrez osatutako bi txanda egingo ditugu, beraz, norbanako bakoitzak bi tailerretan parte hartu ahal izango du.
1. txandako tailerrak (16:00-17:15): “Kulturgintzaren transmisioa hezkuntzan”, “Euskaldunon aurkako erasoen aurrean, zer?” eta “Zein toki du euskarak intersekzionalitatean?”.
2. txandako tailerrak (17:30-18:45): “Gazteok euskararen borrokan”, “Pantailak Euskaraz, ezinbesteko erronka” eta “Txispa batek sortzen du sugarra. Tokiko borrokak”
19:00etan, elektrotxaranga.
22:00etatik aurrera, kontzertuak: Yogurinha Borova, Gora etorri eta DJa.

Urriak 8, igandea
11:00etan, gosaria Irrintzi Elkartean.
11:30ean, Euskal Herrian Euskarazen mural pintaketa.
12:45ean, Erreboteko plazan pilota ikuskizuna.
Ondoren, Iratzar Tabernan marianitada eta Euskaltzale Independentiston Toka Txapelketa.

Izen-ematea
Antolakuntza lanak errazteko eta aurreikuspenak ahalik eta ondoen egiteko, bertaratzeko asmoa dutenei izen-ematea egiteko eskatuko diegu. Izen-ematea online egin beharko da eta horretarako, dagoeneko, prest dugu galdetegia: https://forms.gle/LWHA1iWbvUxp1gAc6 

Lotarako aukera ere izango da eta horren beharra ere, galdetegian adierazi beharko da. Horrez gain, bazkariari eta gosariari dagokionez, alergiarik, intolerantziarik edo bestelakorik izanez gero, horren berri emateko aukera ere izango dute. Bazkariaren ordainketa egunean bertan egin beharko da eta 15 euroko kostua izango du.

Topaketen abestia, entzungai
Amaitzeko, gogorarazi, Euskaltzale Independentiston Topaketek badutela soinu banda. Hain justu, joan den abuztuaren 24an aurkeztu genuen abestia Bilbon, Aste Nagusiaren baitan, Euskalgunean eta Hau Pittu Hau konpartsaren eskutik. Xabier Amurizaren hitzekin Oskorrik musikatutako Euskal Herrian Euskaraz kantuaren bertsio bat da. Kantuaren sortzailea Kimetz Zenitagoia “Dummy” da eta bertan parte hartu dute “Moro” (Bad Sound System), “Xagu” (Iheskide) eta Julene nahiz Magali (Gora Etorri) abeslariek. Kantua entzungai dago sareko audio plataformetan nahiz Euskal Herrian Euskarazen Youtubeko atarian.

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.