14Apirila2024

001.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

‘Solomilloa edo azpizuna eskatu nahi duzuna!’ kanpaina aurkeztu dute harategiek, euskararen presentzia areagotzeko

20230920Galtzaundi

Villabonako, Zizurkilgo, Ibarrako eta Tolosako harategi guztiek hartuko dute parte kanpainan. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartzea da. Bai saltokietako idatzietan, eta baita ahozkotasunean ere. Urriaren 2tik 21era solomilloak zozketatuko dira dendetan, egindako aldaketak bistaratzeko.

SOLOMILLOA EDO AZPIZUNA ESKATU NAHI DUZUNA! baina eskatu ezazu euskaraz. Euskararen erabilera areagotzeko kanpaina aurkeztu da Tolosan. Bertan izan dira, kanpainan parte hartu duten harategietako ordezkariak eta udaletako ordezkeriak. Elena Muñagorri Tolosako harakinak eta Amaia Doyague Galtzaundi Euskara Taldeko kideak hartu dute hitza aurkezpenean.

Amasa-Villabonako, Ibarrako, Zizurkilgo eta Tolosako harategi guzti-guztiek hartu dute parte, eta guztiek euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa hartu dute: bai saltokikoetako idatzietan, baita ahozkotasunean ere. Horretarako, harategi bakoitzaren errealitatearen arabera eman beharreko pausoak proposatu dira, eta hartu beharreko konpromisoak adostu dira. Dagoeneko aldaketak egiten ari da.

Euskara erabiltzeko harategia babesgune
Esan bezala, kanpainak bi lekutan jarri du fokua: ahozkotasunean eta hizkuntza-paisaian. Ahozkotasunari dagokionez, bezeroak ez dauka aitzakiarik euskaraz ez erosteko. Batetik, eskatu nahi den piezaren izena
euskaraz ez jakinda ere, lasai ederrean eskatu daiteke euskaraz; bestetik, jakin beharrekoa da harategietako langileen % 90 baino gehiago euskaldunak direla. Beraz, eskatu euskaraz!

Horrez gain, harategiak euskararen babesgune ere izan daitezke. Zenbait bezero euskara-maila hobetu nahian dabiltza, eta euskara erabiliz ikasten denez, garrantzitsua da eguneroko gauza txikiak euskaraz
egitea. Zenbait bezerok saltsan jarri behar dute belarria prest egoteko; beste batzuk ulertu arren, euskara praktikatzeko konfiantzazko komertzioak behar dituzte. Dendariak bezeroari euskara ulergarrian egiten badio, bezero horrek dakien euskara hori erabiliko du, eta denborarekin hiztegia handitzen joango da.

Harategiak gune aproposak dira horretarako: elkarrizketak laburrak izaten dira, oso zehatzak, testuingurua markatua da, produktuak ikusgai daude, eta horrelako elkarrizketekin hasi behar du euskara ikasten ari
den batek.

Ahozkotasunaz gain, hizkuntza-paisaiak ere garrantzia dauka, bezeroa hizkuntza batean edo bestean komunikatzera gonbidatzen baitu. Bezero asko ohituta daude euskaraz solomiloa eskatzera, baina ez dago soberan azpizuna dela jakitea; eta asko dira gaztelerazko izenekin eskatzen dituztenak. Horiek ere pixkanaka euskalduntzen joan behar dugu, horrek berak euskara presenteago egoten lagunduko du-eta.

Herritarrei begirako kanpaina
Herritarrak euskaraz erostera gonbidatu nahi ditugu, beraz; eta, ahal bada, euskaraz esan ditzatela piezen izena ere. Horretarako, animalien zatien hiztegiak banatuko dira gaurtik aurrera, eta urriaren 2tik 21era
harategi guztietan produktuak zozketatuko dira. Hori guztia ikusarazteko eta herritarrak informatzeko, promoziorako bideo bat zabalduko da zine aretoetan eta sare sozialetan.

Balio soziala
Gaurko eguna baliatu nahiko genuke gure herrietako saltokiek, eta, kasu honetan, harategiek gure herriaren garapenean duten eragina nabarmentzeko eta euskararen erabileran ematen ari diren pausoak txalotzeko. Orain herritarroi dagokigu gure eguneroko praktiken bitartez hori balioan jartzea.

Kanpainaren kartela deskargatu

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.