
- 2014 Martxoa 31
Bisita gidatuak egingo dira Frankismoari buruzko erakusketan
Martxoaren 14an irekitako Frankismoaren inguruko erakusketak izan duen arrakasta ikusirik eta jendeak gaiaren inguruan gehiago jakiteko duen gogoa ikusirik, bisita gidatuak eskainiko dira aste honetan. Apirilaren 1, 2 eta 4ean (asteartea, asteazkena eta ostirala) 18:30ean hasiko dira Aritzako kideak azalpenak ematen. Azkenik, apirilaren 6an (igandea) 12:00etan egingo den bisita gidatuak itxiko du erakusketa. Orain arte ikastetxeei eskaini zaizkie azalpen hauek eta argazkian ikusten den moduan arretaz ikusi dute erakusketa.

- 2014 Martxoa 31
Dagokien tokian eta dagokien moduan, azkenean
Gerrak eta Frankismoak Amasa-Villabonan eragin zutenari argi berri bat jarri zaio. Tolosan fusilatutako hiru herritar identifikatu dira Aranzadi elkarteari esker. Senideek Aritza Kultur Elkarteari emandako aztarnei esker, uztailaren 24an deshobiratu ziren gorpuak, egi bila. Ikerketa amaiturik, frogatua geratu da hiru gorputzak Kruz Iribarren, Jose Agustin Garmendia eta Jose Antonio Garmendiarenak direla eta baita hirurak fusilatuta hil zirela ere. Gaur eman da informazioa ezagutzera eta senideei frogak eta gorpuzkinak itzulirik, Amasako hilobira itzuli dira; oraingo honetan, ordea, dagozkien izen eta datuekin agertuko dira, plaka berriarekin. Aitortza instituzionalak Udal korporazio osoaz gain Martin Garitano Aldun Nagusia, Marina Bidasoro Giza Eskubideen Zuzendaria, Aranzadiko kideak eta Aritza Kultur Elkartea bildu ditu.
Ekitaldi hunkigarria izan da eta behin eta berriz berretsi da lanean jarraitzeko asmo irmoa, biktima guztiek merezi duten errekonozimendua izan dezaten.

- 2014 Martxoa 20
Aitortza publikoa, gerrako eta frankismoko biktimei
Egun berezia izan zen atzo Amasa-Villabonan. Aritzak hiru urtetan zehar egindako ikerketei esker, gerrak eta frankismoak herrian eragindako sufrimendua argira aterako duen erakusketa ireki zen. Iraganaren kontakizun osoa osatzeko bidean, senideek atzoko aitortza publikoaren lekuko izan nahi zuten, eta ekitaldi xume baina hunkigarri batek eman zien biktimei historian merezi duten tokia. Ikusi argazkiak